Azken urteotan taldekide gehiago izan badituzte ere, egun Willis Drummond Jurgi Ekiza kantaria eta gitarra jolea, Xan Bidegain baxu jolea eta Felix Buff baterijolea dira. Euskal Herrian barrena "Tabula rasa" diskoa aurkezten ari dira, eta kantu berrienak eta ezagunenak eskainiko dituzte ekainaren 30ean Asteasuko plazan. Rock indartsua, horrela definitu daiteke Lapurdikoen musika. Maila handiko musikariak dira hirurak, urteotan egitasmo ezberdinetan parte hartzeko tartea aurkitu dutenak.
Willis Drummond taldea izango da, beraz, aurtengo jaietako izar nagusia. Aurreko urteetan Sutagar, En Tol Sarmiendo edota Vendetta taldeak aritu dira zuzenean, Asteasuko San Pedrojaietan.
Gaua osatzeko Liher taldea
Libe Hernando abeslari eta gitarra jolea buru duen donostiar jatorriko taldea han eta hemen ari da 'Tenpluak erre' diskoa aurkezten. Bi taldeen estiloa ezagututa, kontzertu elektrikoa izango da. Gitarrak zorroztuta iritsiko dira talde biak.