Haur mailako pilotarientzat Eguberriak eta Sanpedroak hitzordu seinalatuak izan ohi dira. Ondotxo daki hori Antton Elizegi pilota eskolako kideak.
Haurrek ondo gogoan dituzte urteko bi hitzordu nagusiak.
Bai, urtean zehar bi txapelketa ezberdin antolatzen ditugu. Bata jaietarako eta bestea gabonetarako. Gabonetako txapelketa normalean motzagoa izaten da, oraingoa apirila-maiatza aldera hasten da. Oraingoak beste bizitasun bat du: Frontoian frontenisa, arkupean eskupilota...
Zenbat urte dira dagoeneko?
Arkupekoa duela hamabi urte abiatu zen, pala eta eskola kiroleko partidak ere aspaldikoak dira. Berriena Gaztetxeak antolatzen duen palarena da. San Pedro egunez, soka dantza eta gero, eskola mailako finalak jokatuko dira elizako frontoian.
Herritar asko gerturatzen al da?
Bai, normalean jendea herritarrek parte hartzen duten ekintzetara gerturatzen da. Herrikoez gain, ingurukoak ere animatzen dira horrelakoetan.
Zeintzuk dira antolakuntzan dabiltzan eragileak?
San Pedro jaietako partida ezberdinak herriko elkarteek antolatzen dituzte: Pala partidak Aiztondo txirrindulari elkarteak, frontenis partidak eta arkupekoa Gaztetxekoek Eskola Kiroletik.
Horrelako ekitaldiak antolatzeak herriko eragileen arteko harremanak sustatzeko edo indartzeko balio dutela uste al duzu?
Bai. Azkenean guztion artean, parte-hartzaile izan eta antolatzaile izan, herri giroa sortzen da eta hori oso polita da.
Partida horietan asteasuarrek soilik hartzen al dute parte?
Jaietako partidatan bai. Herriko jendeak izena ematen du eta amaieran sariak banatzen ditugu. Frontenis taldeko irabazleek, adibidez, herri afarirako txartelak irabaziko dituzte.
San Pedro jaietan zein garrantzia dutela esango zenuke?
Herrikoez gain, inguruko herriko jendea ere finalak ikustera gerturatzen dela esango nuke. Finala jaietan jokatzeak bere xarma du, finalera iritsi ez badira ere finala ikustera eta animatzera hurbiltzen dira gehienak. Horri esker guztion arteko giro polita sortzen da.
Neskek ere parte hartzen al dute?
LHko 5-6. mailako eta DBHko 1-2. mailako 25 neska izena emanda daude Atzapar pilota elkartean. Palan ere neska helduagoak parte hartzen hasi ziren. Baina, zoritxarrez, azken hauek aurtengo jaietako partidatan parte hartzera ez dira animatu.
Zer esango zenieke inguruko zein herrikoei pilotazaleei?
Asteasuko jaietara animatzeko, festak ez baitira asteburura mugatzen. Hori baino gehiago badagoelako, gurera hurbiltzen anima daitezela.