Karobiak berreskuratuz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 26a, 02:00

Burdina taldeak hasi ditu Aranerreka inguruan dauden labeen garbiketa eta egokitzapen lanak. Lanak amaituta, panelak kokatuko dituzte, labu horien hitsoria azaltzeko.

Amasa-Villabonako Udalarekin duen parte hartze hitzarmenaren ondorioz, Burdina Taldea elkartea Amasamendiko Aranerreka gunean dauden labe karegileen garbiketa eta egokitzapenekin hasi zen aurreko astean.

Labe karegileak, euskaraz ere karobiak edo kisulabeak izenekoak, baserri inguruetan kokatzen ziren eraikinak ziren, eta egurrarekin tenperatura altutan egosten zen kareharritik, kare bizia lortzen zen, ondoren lurrak ongarritu, baserrietako fatxadak txuriz margotu edo ukuiluak garbitzeko balio zuena.

Landa guneaz arduratzen den Eneko Urdangarin zinegotziak esan bezala, gutxi barru Burdina Taldearekin hainbat urtetarako kolaborazio hitzarmen bat sinatuko da: “gure helburua etenik gabe ondare honi dagokion balioa ematea eta lau haizeetara zabaltzea da”.

Zaharberritze prozesu hau bukatu orduko, Amasa eta Villabonaren batasunaren (1619- 2019) 400. urteurreneko ospakizunen barruan kokatuko da, eta hainbat informazio panel kokatuko dira labeen historia azaltzeko. Horrez gain, OSATUZ programak Aranerrekako bidearen konponketa ere kontuan hartzen du, ondorioz, hilabete gutxian, gune honek ere kalitatea irabaziko du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!