Zunba erakustaldia jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 25a, 02:00

San Juan jaien azken egunean, funky eta zumba erritmoek tokia hartuko dute Goikoplazan. Zumba Lokura taldearen eskutik helduko da Zumbaton saioa.

Dantza saio erraldoia iragarri dute Goikoplazako pilotalekuko oholtzan, 19:15etatik aurrera. Lehenbizi, La Salle Berrozpeko eta Klaap Dantza eskolako partaideek funky dantzaz osatutako ikuskizuna eskainiko dute. Ondoren, Zumba Lokura akademiaren ordua iritsiko da. Lau irakasle eszenategira igo eta plazan biltzen den jendea dantzan jartzen saiatuko dira, zumba estiloa nagusi izanda. 'Zumbaton kale ikuskizuna' deitu diote.

Itziar Lopez de Etxezarreta da irakasle horietako bat. “Gure akademiara datozen kide askok hartuko dute parte, baina ahaleginduko gara plazara hurbiltzen den edonor mugi arazten. Jarraitzeko oso erritmoa errazak direnak entzungo dira plazan, eta edozein adineko jendearentzat egokituak”.

“Tartetxo batean gorputza astinduz dibertitzeko gogoa edukitzea da eskatzen dugun bakarra”. Horrenbestez, Lopez de Etxezarretak edonori luzatu dio gonbitea Goikloplazara azal dadin. Gainera, gozatzeko gogoa edukitzeaz gain, bigarren arrazoia aipatu du, umore puntu batez: “San Jaun jaien azken egunean izango da Zumbaton saioa, eta aurreko egunetan pilatutako bestondoa arintzeko ere aproposa izan liteke”. Astearte ilunabar gauerako plan polita proposatu du Lopez de Etxezarretak: “Gurekin izerdia pittin bat bota, toallaren batekin lehortu, ondoren datorren Triana dantza taldearen emanaldia ikusi, ondoren ogitartekoren bat jan inguruko tabernaren batean, eta azkenik, pirotekniazko kalejiran parte hartzeko abiatu Juanita Alkain plazara”.

Zumbaren sekretua
Erritmo latinoak eta ariketa aerobikoa uztartzen dituen zumbaren arrakastaz galdetuz gero, berehala erantzuten du Lopez de Etxezarretak: “Irakaslea edukita ez du zailtasunik segitzeko; jendeak segituan hartzen ditu erritmoa eta pausoa. Jakina, nork bere martxa dauka, bizkorrago edo motelago ariko da, baina garrantzitsuena ondo pasatzeko gogoa eta irribarrea ezpainetan edukitzea da. Zumbara joaten den jendeak normalean ez dauka helburutzat forman jartzea. Gehiago izaten da burua saneatzeko asmoa. Egun osoan daramagun estresa kentzeko eta barruko estuasunak askatzeko praktikatzen du zumba. Espeziala baita horretarako!”.

Zumba Lokura
Zumba Lokura taldeak akademia ireki berri du Kale Nagusian, trenbidearen ondoko lokal batean. 1992az geroztik itxita egon den Shanti Pub lokala egokitu du horretarako. Bertan, zumba praktikatzeko aukera eskaintzeaz gain, pilates, strong by zumba, shaka dance eta prestaketa funtzionala jorratzen dituzte. Nahiko berriak egiten zaizkigun jarduerak dira azken hiruak, pixkanaka zabaltzen ari direnak jendartean. “Prestaketa funtzionala gorputza tonifikatzeko eta bikortzeko ariketatetan oinarritzen da; zirkuitu bat prestatzen da hainbat elementu erabiliz. Strong by zumbak ere tonifikazioa du helburu, baina horretarako soilik gorputza erabiltzen da, elementu laguntzailerik gabe”. Shaka dance (erritmo afroak, jamaikarrak, latinoak eta hip-hop-a biltzen dituen jarduera dela esan daiteke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!