Zenbat denbora daramazue euskal dantzatan murgilduta?
Araia: Bost edo sei urte genituenetik. Oinkari dantza taldearen saioetara oso gustura etortzen gara.
Emanaldi asko egiten al dituzue Oinkarirekin batera?
Araia: Orain gehiago. Hasi ginenean urtean bi emanaldi egiten genituen.
Zer dela eta hasi zineten dantzan?
Araia: Asteasun beti egon da dantzarako tradizioa eta inguruko ia denek dantzatzen zutela ikusirik, guk ere euskal dantzak dantzatzen hastea erabaki genuen.
Herritar asko ari zarete, beraz.
Beñat: Lehen askoz ere asteasuar gehiago ginen. Kopuruan jaisten ari da.
Zer da gehien gustatzen zaizuena?
June: Niri euskal dantza tradizionala eta modernoa uztartzen dituena.
Dantza garaikideari heltzen diozue orduan?
June: Uztarketa bat da. Dantza tradizionalean pausu modernoak sartzen dituzte, eta hori da gustatzen zaidana. Bi estilo horiek nahasten direnean.
Ez zarete dantzan bakarrik aritzen. Inguruko herrietakoak gehiago ezagutzeko modu bat dela esango zenukete?
Alaia: Oraintxe bertan guk Asteasuko bertako jendearekin dantzatzen dugu soilik. Baina datorren ikasturtetik aurrera Villabonara joateak inguruko jende gehiago ezagutzen eta lagun berriak egiten lagunduko digu.
Beñat: Hamalau urterekin egingo dugu aldaketa, DBH2 mailan hastera goazenean alegia. Aldaketa horrekin, gainera, dantza eta emanaldi gehiago egiten hasiko gara. Gogotsu gaude.
June: Kanpoan egiten diren euskal jaialdietara joateko aukera izatea gustatuko litzaidake etorkizunean. Adin tarte batetik aurrera gure euskal dantzak Euskal Herritik kanpora ateratzeko aukera izango dugu.