Sorginen gaua Urnietan, San Juan bezperan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 22a, 02:00

San Juan bezperan, udako solstizioari ongi etorria ematen diote Plazido Muxikan antolatzen duten Akelarrearen ikuskizunarekin. Elkarlanean, herriko eragileek musika, dantza eta antzerkia uztartzen dituen ospakizun jendetsua antolatzea lortzen dute.

Buruntzantzan perkusio taldeak, Urnietako sorginek eta Txanbolin taldeko txistulariek Urnietako San Juan bezperako gaua majikoa bilakatzea lortu dute. Aurreko urteetako ikuskizun paregabea errepikatzeko moduan daude, urtez urte doituz eta aberastuz doana. Gutxi-asko urnietar gehienek jakin badakite zein den dinamika. Dantzarekin eta perkusio doinuekin abiatuko da gaualdia, gaueko 22:00etan San Juan plazan eskainiko duten lehen piezarekin. Handik kalejiran abiatuko dira, Plazido Muxikara iritsi bitarte, dantza saio ezberdinak eskainiz.

Plazido Muxika plazara iristerako jendetza izaten da zain. Bertan dantzari txikiek, gazteek eta helduek pieza bana eskainiko dute. Eta jarraian antzezlanari hasiera emango diote. Tarte horretatik aurrera Mikel Laboaren "Baga, biga, higa" kantu ezaguna Urnietako Akelarrearen soinu banda bilakatzen da. Plazako txoko ezberdinetatik iritsiko dira perkusio joleak, sorginak eta dantza saio ikusgarria eskaintzen duten Aker eta Mari pertsonaia mitologikoak. Aurtengoan, berrikuntza modura, Mari Sugar suge mitologikoaren gainean agertuko da plazara. Ikusgarria izango da.

Erratzez osaturiko arkua San Jua pizteko
Azken dantza saio ikusgarri horretan sorgin guztiak lurrean etzanda geratu ohi dira. Aurtengoan, ordea, ikuskizuna zertxobait luzatuko da. Sorginak zutitu eta erratzekin San Juan sua dagoen tokiraino arkua egiten jarriko dira. Bertatik igaroko dira Aker, Mari eta Denda Berriko lehendakari berria. Hark, tradizioari eutsiz, piztuko du San Juan sua.

Garrak abiada bizian indarra eta altuera hartzen ari diren bitartean, Txanbolin taldeko txistulariek musika egiten jarraituko dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!