Ongi etorri baserrira, uztailean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 25a, 02:00

Enba sindikatuak lau urte darama “Ongi etorri baserrira” ekimena antolatzen. Baserrietako ateak zabaldu, eta bertan egiten duten lana bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaintzen die ekimenak interesa duten guztiei.

Uztailaren 6 eta 7an ospatuko da aurtengo ekimena. 11:00etan hasiko dituzte bisitaldiak, eta eguerdirako amaituta izango dira gehienak. Kasu batzuetan, arratsaldez ere jarraipena izango dute. Bisita guztiak doakoak dira.

Izena emateko aukera zabalik dago dagoeneko, eta azkar ibiltzea komeni izaten da. Izan ere, zenbait baserrietarako bisitaldia beteta baitago dagoeneko. Urtetik urtera geroz eta aukera zabalagoa eskaintzen dute, azpisektore ezberdinak ezagutzeko modua eskainiz.

Eskualdeari dagokionez, Asteasuko Bulano baserriko ateak zabalduko dituzte, urtero bezala. Larunbatean egingo dute bertako bisitaldia. Esne behiak dituzte Bulanon, eta bertan egiten duten lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Izena emateko edota informazio osatuagoa jasotzeko, ongietorribaserrira.eus/eu/ webgunean begiratu daiteke.

Bisitaldietan parte hartzen dutenei argazkiak atera eta bidaltzeko gonbita luzatu diete antolatzaileek. Argazkiak bidaltzen dituztenen artean zozketatxoa egingo dute, hain zuzen ere, nekazalturismo batean 4 pertsonentzat 2 gauetako egonaldia; NEKATUReko Bonus Fucsia deritzana.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!