Ez utzi bikain dantzatzeari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 21a, 02:00

Beste behin ere, Egape dantza taldeko helduenek aho bete hortz utzi zuten ikuslegoa. Dinamika handiko saio zirraragarria eskaini zuten joan zen ostiral gauean, udako edozein jaietan arrakasta handiz eskaini daitekeen ikuskizunaren parekoa.

[Argazkiak]    [Bideoa]

Oporraldiaren atarian eta San Juan bezperako ospakizunen atarian, uda ate joka dago. Giro horretan, Egape dantza taldeak Urnieta dantzan ipini zuen joan zen asteburuan "Ez utzi dantzatzeari" eta "Koloredantz" ikuskizunak taularatuz. Bereziki aipagarria izan zen ostiral gaueko emanaldia, zeinean adinean gora doazen gazteek euren artearen erakustaldia egin zuten. Azken egunetan serio demonio aritu ziren Sarobeko entsealekuan murgilduta herritarren aurrean ahalik eta dantza saio onena egin asmoz. Ez dakigu euren aurreikuspenak bete ziren, baina ikuslegoa behintzat bereganatzea lortu zuten. Emanaldi bizia, zirraragarria eskaini zuten. Ia ordubeteko saioan, bata bestearen atzetik koreografia ikusgarriak eskaini zituzten. Dantza garaikidea eta tradizionala uztartuz, Edu Muruamendiaraz eta taula gainera igo ziren neska-mutilak artista hutsak dira. Jendetza batu zen, eta horren aurrean kokildu beharrean, hazi egin ziren. Segurtasun handia erakutsi zuten. Ikuskizuna gogotik txalotu daiteke edozein herriko jaietan. Isil isil ekin zioten emanaldiari, soilik dantzarien hanken mugimenduen hotsak entzuten zirelarik. Saioa in crescendo joan zen, azken txanpara txalo zaparrada jasoz iritsi zirelarik. Egapekook, ez utzi dantzatzeari!

Saio ikusgarria Udal pilotalekuan

{{IMG-41131}}

Jendetza San Juan plazan iragarrita zegoen emanaldia, baina euri kontuak direla eta Udal pilotalekuan egin behar izan zuten. Ikusleek sartzean, bi foko eta dantzariei egokitutako zoru urdina topatu zuten. Hura inguratuz dozenaka lagun elkartu ziren.

{{IMG-41132}}

Bizi-bizia Hasieratik amaieraraino etenaldirik gabeko ikuskizuna eskaini zuten. Fisikoki lan handia egitea eskatzen duen emanaldi horietakoa izan zen. Ikusleentzat berrogei ta bost minutuko gozamen hutsa izan zen.

{{IMG-41133}}

Dantzariak Leire Erasun, Karmele Lekuona, Ioritz Lizeaga, Eider Manterola, Leire Moreiro, Enara Pellejero, Alba Quel, Uxue Sanchez, Ianire Senperena, Garazi Urdangarin, Garazi Usabiaga. Trikitilaria: Maialen Izagirre.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!