Belarretarako urte txarra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 24a, 02:00

Urte garai honetarako belar-bolak eginda egoten dira baserri gehienetan, baita belar ondu edo lehorra ere. Aurten, sail asko dago oraindik ebaki gabe.

San Juan bezpera iristear bada ere, oraindik ebaki gabe dago inguruko belardi asko eta asko. Hori ez da batere ohikoa. Normalean, apirila inguruan hasten dira lehen sailak ebaki eta belar-bolak egiten. Aurten, ordea, euriak eragotzi ditu lan horiek eta baserritarrak larri dira.

Belarmendi

Belarmendin aritzen da lanean Peio Argaia zizurkildarra. Nekazaritza makinaria zerbitzuak eskaintzen ditu Belarmendik eta urte garai honetan, belarretan aritzen dira, gehienbat. Aurtengoa, ordea, oso ezohiko urtea doa. “Segidarik gabe ari gara lanean. Belar-bolak egiteko eguraldi ona behar da, baina ez da nahikoa ordu gutxi batzuetako aterunea. Plangintza behar da: belarra ebaki, lehortzen utzi, bolak egin eta plastifikatu. Prozesu horretan, belarrak ezin du busti. Udaberri honetan ez dugu hori egiteko aukera askorik izan, oso aterune motzak egin dituelako”. Belarrari bigarren ebakialdia egiteko zain egoten dira dagoeneko urte garai honetan; aurten, ordea, lehendabizikoa oraindik egiteko daude asko.

Euriak erabat baldintzatzen ditu kanpoko lanak eta baserri askotako belardiak ebaki gabe daude oraindik. “Apirilean hasi ohi gara lehen belar-bolak egiten, baina aurten, oso atzeratuta goaz. Egun gutxi izan dira euririk gabe, eta ez digu lanak aurreratzeko denborarik ematen”.

Belarra, zakartuta

Belarrak ere bere garaia izaten du, noski, eta dagoeneko zakartzen hasia dagoela azaldu du Peio Argaiak. “Belarra aspaldi etorri zen bere onenera, eta dagoeneko zakartuta ere badago. Ebaki beharra dago, baina eguraldiak ez digu uzten. Baserritarrak urduri dabiltza eta erabat ulergarria da, noski”.

Neguan aziendari emateko erabiltzen dituzte udaberrian egindako belar-bolak. “Belar hori aprobetxatzea eta negurako gordetzea da bolak egitearen arrazoi nagusia, baina horrez gain, behar beharrezkoa da belarra ondo ebakitzea sailak garbi mantentzeko. Hori egiten ez bada, sailak zikindu egiten dira eta datorren urteko lanak asko zailtzen dira”. Belar-bolak egiteak beraz, helburu bikoitza izaten du: behientzako negurako janaria bermatzea, eta sailak garbi mantentzea.

Belar ondua

Belarra ontzeko edo lehortzeko garaia ere iristen ari da. “Belarra ondo lehortzeko prozesua luzeagoa izaten da. Zenbait egun behar izaten ditu, eguzkitan, eta aurten, ez gara horretan hasi ere egin. Belarra ontzeko asmoa duten baserritarrak zain-zain daude, eguraldi oneko egun batzuk jarraian noiz iritsiko”.

Eguraldi-iragarpenari sarri-sarri begiratzen diote Peiok eta lankideek, “eta baita baserritarrek ere. Eguraldi ona iristen denean, telefonoa sutan jartzen zaigu. Guztiek nahi izaten dute euria iritsi aurretik euren sailak ebakitzera joatea. Horrelakoetan, ordutegirik gabe aritzen gara lanean, ahalik eta lanik handienak aurreratu nahian”.

Bolak egiteko moduak

Belar bolak egiteko, baserritar bakoitzak bere gustuak iaten dituela azpimarratu du Peiok: “Batzuek belarra ebaki eta ia jarraian egin nahi izaten dituzte bolak, belar heze-hezearekin. Beste batzuk gehixeago lehortu nahi izaten dute eta bada ia-ia ondu arte itxaron nahi izaten duenik ere, belarra aurrez jiratuz. Belarrari emango zaion erabilerak finkatzen du hori pixka bat, eta baita norberaren gustuak ere”.

Ordu askotako lana

Eguraldi ona denean, edozein garaitan lan egitea egokitzen zaie Belarmendiko kideei. Lau lagun aritzen dira bolak egiten, eta bosgarren bat plastikoa jartzen. “Joan zen igandean, baserritar batek deitu zidan, belarretara joateko. Ateri zegoen, baina aurreko egunetan egindako euriak, lurra erabat lokazturik utzi zuen. Traktorearekin froga egin nuen, baina ez zegoen ibiltzerik eta bere horretan utzi beharra izan nuen sail hura”, azaldu du Peiok.

Mekanikariak

Ordu askoz jarraian egin beharreko lanak, arazo teknikoak ere ekartzen dizkie sarritan. “Makinek ez dute arazorik izaten geldirik daudenean. Lanean hasitakoan ordea, ohikoa izaten da matxuraren bat izatea”. Mekanikariak jakinaren gainean izaten dira eta arazoren bat izan orduko gerturatzen dira konponketak egitera: “Badakite eguraldi egokia iristen denean ezin dugula geldirik egon eta ahalik eta azkarren egiten dituzte lanak. Pieza bat faltatzea izaten da arazorik handiena. Horrelakoetan, zain egotea besterik ez zaigu geratzen”, azaldu du Peiok.

Etxeko belarrak eginda ditu Peiok. Aurten izan du horretarako aukera, baina ez da batere ohikoa: “Gehienetan besteenak egiten ditut aurretik. Askotan geratu izan naiz, kanpoko sailak aurreratzen aritu ondoren, euria hasi eta gure etxekoak atzeratuta”.

Zerbitzu gehiago

Udaberri eta uda garaian belarretan aritzen dira, gehienbat, Belarmendiko kideak, baina zerbitzu gehiago ere eskaintzen dute: “Bide bazterrak garbitzen ditugu, herri bideak konpondu, hoditeria berritu…, zerbitzu horiek ere bideratzen ditugu, bai baserritarrentzat, baita udaletxeentzat ere”.

Herritar gehienak eguzki eske ari dira dagoeneko eta arrazoi handiagoz baserritarrak. Azken bi hilabetetan zeruari begira daude eta baita Belarmendiko kideak ere. Eguzkiaren zain daude belarra moztu eta negurako gorde ahal izateko. Udaberria amaitzear dago eta oraindik lan handia dute egiteko belazeetan, ea udaren hasierak eguzki izpi gehiago ekartzen dituen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!