2015ean lortu zuen azken aurreko garaipena. Azkena pasa den larunbatean lortu baitzuen Arbizuko lasterketan (19 kilometro). Hiru haur eduki eta hezi ostean, Intza txikienak 16 hilabete dituela lortu du sasoi puntu ona Jauregik, eta txapela lortu izanak poz handia eman dio. Jokin Lizeaga bikotearen lesioa baliatu du Ainhoak, hilabete eta erdiko entrenamendu onak egiteko, eta lan horren emaitza Arbizun gauzatu da. Dena den, ez zeukan garbi garaipenaren jokoan sartzeko moduan egongo zenik: “Ez nekien erritmo jakin batzuetan iraun ahal izango nuen, ezta oraingo sasoi puntua irabazteko nahikoa izango ote zenik ere. Emakume asko ari dira lehiatzen egun, eta egungo egoera eta duela urte batzuk zegoena ezberdina da”.
Bigarren mailako lasterketak osatzen hasi zuen bidea Ainhoak aste batzuk atzera eta pixkanaka lasterketetako buruan ikusi zen. Horrek konfiantza eman dio lanean jarraitzeko, baina badaki, era berean, exijentzia murrizteko unea iritsiko zaiola, Jokin bikotea entrenatzen hasten denean: “moldatu egin beharko dugu berriro biok, nork entrenatu, nor geratu haurrekin eta beste”. Arbizuko garaipenak espero ez zuen bultzadatxoa eman dio: “Hiru ume eduki eta gero txapela janztea ez nuen espero. 19.5 kilometro izan ziren Arbizun, Beriainera igo, azken 6 kilometroak pista zatar batean… tarte horretan nire azken urteetako ibilbidea egin nuen. Lasterketako une horiek, pertsonalki, oso politak izan ziren niretzat”.
Tolosako T3T proba
Maratoian hamar lagunek lortu zuten helmugaratzea, eta Igor Amantegi izan zen azkarrena, 6. postuan. Maratoi erdiari dagokionez, herriko hiru korrikalarik gurutzatu zuten helmuga.