Maddi Etxeberriak bere lehen eleberria aurkeztu berri du

Hilaren 11an Maddi Etxeberriak “Zein usain dute oroitzapenek” eleberria aurkeztu zuen Erein argitaletxerekin batera.

[Argazkiak]    [Bideoa]

Maddi Etxeberria 20 urteko gazte andoaindarrak bere lehen obra argitaratu du Erein argitaletxearekin batera. Hilaren 11an egin zuen eleberriaren aurkezpena Donostiako San Jeronimo liburutegi nagusiak ekitaldi aretoa betez.  Bere lehen eleberria Bioleta sailean argitaratzea lortu du Maddik eta Iñaki Aldekoak sail fronterizotzat jo du hau. Ez baita gazteei edo helduei zuzenki bideratutako sail bat. Aldekoak heldutasunetik gertuago dauden gazteei bideratutako generoa dela adierazi du aurkezpenean.

Editoreak eleberria bi plano ezberdinetan kontaturik dagoela azaldu du. Lehenengoa 25 urteko neska euskaldunak Ingalaterran daraman bizitzaren ingurukoa izango litzateke eta bigarrena, Gaia protagonistak, Euskal Herrian utzi dituen lagunak eta iragana. Hau guztia, maitasuna, heriotza, gaixotasuna eta beste hainbat gertakizunekin batera.

ELEBERRIA ESKU ARTEAN

Maddi Etxeberriak eskerrak eman nahi izan dizkio Erein argitaletxeari hilabete gutxi batzuren buruan bere liburua ordenagailuan izatetik esku hartean eleberri formatuan izatera igarotzen laguntzeagatik. Ez baitzuen horren erantzun azkarra espero.  Bere hitzetan “askok ezin dute 20 urterekin nobela bat argitaratu duenik esan, beraz oso eskertua sentitzen naiz”.

IBILBIDE LITERARIOA

Txikitatik irakurri izan du Maddik eta etxetik datorkio literaturarekiko duen zaletasuna. Berak eskolan zein etxean irakurtzen zituen eleberriak eta denborarekin literatura bere bizitzaren babesleku bihurtu dela ere aipatu zuen aurkezpenean. “Korapiloak askatzeko behar hori islatu dut nire ipuinetan”. Izan ere, askotan errazagoa egiten baitzaio bere barrenak paperari  hustea, inguruko lagunei baino “literatura beti izan da nire babesleku eta beti egin zait errazagoa idaztea, ahoz adieraztea baino”.

Bere ibilbidean zehar, Martin Ugalde saria eta Aiztondoko gutun lehiaketa ere irabazi ditu. 2014 urtean ‘Zu zeu’ plataforman idazten hasi zela ere aipatu du Maddik eta baita 2015ean “Izanaren Itzalak” izeneko bloga ireki zuela ere.

Hala ere, bere ibilbide literarioan aldaketarik handiena ematera eraman duen, ‘Urruzonotarrak Gehituz’ saria izan da. Lau eguneko egonaldia irabazteaz gain,  “niretzat mundu berri bat deskubritzea izan da”. Bertan bere adin beretsuko literatur zale amorratuak ezagutzeko aukera izan baitu. Gainera, garrantzitsua iruditzen zaio Maddiri, inguruan literaturarekiko zaletasun bera ez duten eta literatura maite duten gazteek horrelako egonaldietan parte hartzeko aukera izatea.

IDAZKETA PROZESUA

Maddik adierazi duenez, “ez naiz gogoratzen noiz hasi nintzen nobela idazten”. Eleberria sortzea ez zen aurrez pentsatutako ezer izan. “Idazten hasi nintzen eta ondoren eman diot forma amaierari, idazten nenbilenean ez nuen espero irakurlerik izatea”. Gainera, eleberrian lantzen diren gaiak irakurle orori kezka diezaioketen gaiak direla ere aipatu du, beraz irakurlea momentu jakin batean harrapatzen badu, adinak garrantzirik ez duela adierazi du. “Iritsi behar bazaio, iritsiko zaio eleberria irakurleari”.

PROTAGONISTA EUSKAL HERRITIK KANPO

“Euskal Herriko lotura hori distantzian indartzen da”. Argi zuen lehenengo momentutik protagonista Euskal Herritik atera behar zuela, bere hitzetan, “kanpotik errazago baloratzen baita benetan etxean duzuna eta kanpora ateratzean faltan botatzen duzuna”.

BIOLETA SAILA

Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko editoreak dioen moduan, Bioleta Saileko eleberri hauetan “bizitzaren eskarmentu txiki bat eskatzen duen mundu bat bilatzen da”. Horregatik, zaila egin zaie sail honetarako eleberriak bilatzea.

“Zaila da haur eta gazte literatura edo helduen literatura idazteaz gain, muga horretan dauden gazteentzako idazten duten idazleak bilatzea”. Berak Maddiren eleberria, batxilergoan dauden gazteetatik hasi eta helduagoak direnerartekoek irakurtzeko modukoa dela dio, eta baita hori balio erantsi bat dela ere. Aldekoaren ustetan, “lehenengo pertsonan idatzitako eleberri bat izateak eta guztia eskutitz formatuan idatzita egoteak, eleberriari gaztetasuna emateaz gain, indar handia ematen baitio. Nik eleberria lehen aldiz irakurri nuenean oso sinesgarria egin zitzaidan”.

Aurkezpenaren amaieran, gainera, irakurle guztiei mezutxo bat ere zabaldu nahi izan die Maddik: “Espero dut nik eleberri hau idazten gozatu dudan bezainbeste disfrutatzea irakurleak eta ea emendik aurrera eleberri gehiago argitaratzeko aukera dudan”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!