Errefuxiatuen Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionala kaleratu du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 21a, 02:00

Ekainaren 20ko Errefuxiatuen Nazioarteko eguna dela eta, Andoaingo Udala osatzen duten alderdi guztiek Adierazpen Instituzionala onartu dute.
 

EKAINAREN 20ko ERREFUXIATUEN NAZIOARTEKO EGUNERAKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Andoaingo Udalak, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean:

  1. Adierazten du oso kezkatuta dagoela milioika pertsona desplazatu, nahitaezko migratzaile, babes-eskatzaile eta errefuxiaturen egoerarengatik, gatazka armatuak, bizirauteko baliabiderik eza, arrazoi politikoengatiko jazarpena, genero-arrazoiengatiko jazarpena, errepresioa edota hondamendi naturalak direla medio euren bizitza, askatasuna edo bizimodua arriskuan daudelako eta euren jatorrizko herrialdetik kanpora ihes egin behar dutelako, eta horregatik euskal erakunde guztiei eta euskal gizarteari oro har eskatzen die egoera hori edo bere ondorioak desegiteko edo arintzeko egin ditzaketen ekintza guztiak gauzatzeko.
     
  2. Adierazten du nazioarteko testuinguru horretan neska, nerabe eta emakume helduak giza-eskubideen urraketen aurrean kalteberatasun-egoera handiagoan daudela soilik emakume izateagatik, eta horregatik beharrezkoa da hori guztia kontuan izango duten politikak bultzatzea eta neurriak hartzea.
     
  3. Errealitate horren aurrean, euskal gizarteak adierazi eta gauzatu duen elkartasuna aitortzen du eta, horri lotuta, bere konpromisoa berresten du pertsona guztien giza eskubideekin, eta bereziki, pertsona desplazatu, nahitaezko migratzaile, babes-eskatzaile eta errefuxiatuen eskubideak errespetatu, babestu eta sustatzeko konpromisoa eta borondatea, eta horregatik bere eskumen-eremuaren barruan eskura dituen neurri guztiak bultzatuko ditu dagozkien eskubide guztiak baliatzeko aukera benetakoa eta efektiboa izan dadin.
     
  4. Bere eskumenen esparruan, konpromisoa hartzen du asiloeskubidea bere dimentsio guztietan bultzatzeko, Euskadin bizi diren eta/edo pasaeran dauden pertsona guztiek eskubide hori efektiboki balia dezaten, eta pertsonen beharrizanak, elkarbizitza eta gizarte-kohesioa oinarritzat hartuko dituzten erkidego- eta udal-mailako politikak sustatzeko, aukera-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioan oinarritutako politikak, alegia.
     
  5. Konpromisoa hartzen du Europar Batasunari (EB) dagozkion bitartekoak baliatuz Europar Batasuneko lurraldean pasaeran dauden migratzaile eta errefuxiatuen egoerari buruzko eztabaida sakon bat egiteko eskaera eta proposamena bideratzeko, kanpo-politiken, mugak esternalizatzeko politiken, herrialdeen harrerapolitiken, estatu kide guztien erantzukizunaren eta Europar Batasun osoaren harrerapolitiken azterketa eta berrikuspena barnean hartuz.

Andoainen, 2018ko ekainaren 20an
EH BILDU PSE-EE EAJ-PNV GANEMOS IRABAZI

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!