Udan ere txotx, Sagardo Tour-ekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 21a, 02:00

2018ko txotx denboraldia amaitu bada ere, udan sagardotegiez eta euskal kulturaz gozatzeko aukera izango da Sagardo Tour proiektuaren bitartez

Aurtengo txotx denboraldian 600.000 pertsona izan dira Sagardoa Route egitasmoaren barruan dauden 59 sagardotegietan. Horrelaxe eman du jakitera Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak ekainaren 8an Donostian egindako prentsaurrekoan. Bisitarien %80a bertakoa izan da, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Iparraldekoa. Gainerako ehuneko handiena bisitari nazionala izan da, batez ere kataluniarrak eta madrildarrak. Huescatik eta Errioxatik ere geroz eta bisitari gehiago etortzen dira. Atzerriko bisitariei dagokienean, frantziarrak eta estatubatuarrak dira nagusi.

Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko kideak adierazi duenez, “sagardotegiak txotx garaiko enplegu sortzaile nagusiak dira, eta aurten 406 lanpostu sortu dira”. Arrakastaren gakoetako bat publikoaren aniztasunean dagoela gehitu du: “Adin ezberdinetako jendea etortzen da sagardotegietara, eta horrek sagardotegiak prestatuta daudela esan nahi du”. Adinari dagokionean, 35-70 urte bitarteko publikoa da nagusi astean zehar. Asteburuetarako patroi zehatzik ez badago ere, larunbatetan lagunekin joateko joera da nagusi, eguerdietan zein gauetan, eta igande eguerdietan, berriz, familiarekin. Tendentzietan ere aniztasun handia aurki daiteke: emakumezkoak, gizonezkoak, helduak nahiz gazteak joan ohi dira sagardotegietara.

Produktu turistikoen eskaria eta erosketa %25 igo da aurtengo denboraldian. Egun produktua etxera eramateko geroz eta irrika handiagoa dagoela azaldu du Mitxelenak. “Sagardotegira datorrenak, bisita gidatua egitera nahiz bertako menua dastatzera, sagardo botila eramaten du etxera. Sagardogileek aditzera eman dutenez hazten doa produktuaren salmenta zuzena”. Horrela, eskaera dagoen heinean eskaintza zabaldu egin behar dela azpimarratu du, eta horretan buru-belarri jarraituko dutela lanean adierazi du.

sagardo tour

Txotx denboraldia amaitzean, sagardotegien ia erdiek udako denboraldiari heltzen diote, eta momentu horretan hasiko da Sagardo Tour proiektua. Ekainaren 23tik irailaren 8ra bitarteko larunbatetan, sagardoaren mundua eta inguratzen duen lurraldea eta kultura gertuagotik ezagutzeko eskaintza zabala antolatu du Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak. “Gure helburu turistikoaren ezaugarriak iraunkorra, inteligentea eta berezia dira”, adierazi du Denis Itxaso Gipuzkoako Turismo diputatuak.

Hiru ekintza nagusi ditu Sagardo Tour proiektuak: bisita gidatua lau ibilbideren artean aukeratzeko,  sagardo dastaketa eta sagardotegiko menu tradizionala.

 

Ibilbideak

Lau ibilbideren artean aukeratzeko bisita gidatua eskaintzen da, non bertako produktuak dastatuko diren. Ondoren, bazkaria sagardotegian.

1. Bertako produktuen azoka, Tolosan.
    Sagardotegiak:

  • Aburuza (Ekainak 23),
  • Araeta (uztailak 21) edo
  • Iparragirre (abuztuak 18).

2. Idiazabal JDB gaztandegia, Zerainen.
     Sagardotegiak:

  • Oiharte (ekainak 30),
  • Tximista (uztailak 28) eta
  • Añota (abuztuak 25).

3. Albaola Itsas Kultur Faktoria, Pasaian.
     Sagardotegiak:

  • Petritegi (uztailak 7),
  • Ola (abuztuak 4) eta
  • Astarbe (irailak 1).

4. Flysch-aren ibilbidea, Zumaian.
     Sagardotegiak:

  • Añota (uztailak 14),
  • Satxota (abuztuak 11) eta
  • Saizar (irailak 8).

Basquetour-eko eta Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari den Harkaitz Millanek azaldu du garrantzitsua dela “barnealdean dauden  errekurtso turistiko posible eta potentzial guztiak elkartzea”, Gipuzkoako barnekaldeak kostaldearekin izan duen desorekan lan egiteko. Horregatik ditu garrantzitsutzat Millanek aipatutako lau ibilbideak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!