Igerilekuko taberna irekita

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 21a, 02:00

Mondragon Unibertsitateko ikasle talde batek izango du Asteasuko igerilekuko taberna kudeatzeko ardura. Gogotsu ekin diote lanari.

Lidergo ekintzailea eta berrikuntza ikasten ari den ikasle taldeak hartu du igerilekuko tabernaren ardura. Ekainaren 16an zabaldu zituzten ateak, eta lanean arituko dira igerilekuko zerbitzua amaitu arte.

Ekimen ezberdinak

Ekimen eta proiektu ezberdinetan murgildu eta haiek aurrera ateratzen ohituta daude Mondragon Unibertsitateko ikasle hauek. Uxue del Rio donostiarra eta Unai Korta ordiziarra Lidergo ekintzailea eta berrikuntza ikasten ari dira, eta Asteasuko igerilekuko tabernan arituko dira uda honetan: “Graduan sartzen garen momentutik beretik, hamabi pertsonaz osatutako taldean hasten gara lanean. Ekimen ezberdinetan murgiltzen gara, ahalik eta emaitzarik txukunenak lortzeko asmoz. Horretarako, helburu jakin batzuk izaten ditugu jomuga”.

Enpresa osatuta

Enpresa moduan aritzen dira ikasle gazteak, helburu ekonomikoak, bezeroari lotutakoak, berrikuntzak…, betetzeko ahaleginean. “Ikaslez osatutako hiru enpresa elkartu gara Asteasuko igerilekuak kudeatzeko. Sei pertsonez osatutako talde eragileak izango du ardura nagusia, eta gainerakoen artean osatuko ditugu tabernako txandak”.

Asteasuko Udalak egin zien eskaintza gazte hauei, eta gustura hartu dute erronka. “Gure ikasketatan, arlo askotako proiektuak bideratzen ikasi dugu. Denetarik egitea egokitu zaigu eta oraingoan, ostalaritzari lotutako ekimen batean murgilduko gara. Erronka polita da”, azaldu du Uxuek.

Sukaldeko lanak

Goizeko 11:00etan zabalduko ditu ateak igerilekuko tabernak, eta astelehenetik ostegunera, 21:00ak aldera ixteko asmoa dute. “Nahiz eta martxaren arabera egokituko dugun ordutegia ere”. Ostiral, larunbat eta igandetan afariak ere eskaintzeko asmoa badute; “ordutegi luzeagoan arituko gara asteburuetan”. Bazkariak egunero emango dituzte. “Momentuz, gure artean moldatuko gara otordu horiek prestatzeko, baina ez dugu baztertzen sukaldari bat hartzeko aukera ere. Izan ere, gu ez gara sukaldari profesionalak. Otordu batzuk emateko arazorik ez dugu izango, baina jende asko gerturatzen den egunetan larriago ibiliko garela aurreikusten dugu. Horregatik ari gara sukaldari bat hartzeko ideia hausnartzen”, azaldu du Uxuek.

Ekitaldiak

Ekitaldi ezberdinak antolatzeko asmoa ere badute gazteek. “Tabernako aterpeak aukera asko ematen dituela iruditzen zaigu. San Pedro jaietan ekitaldiren bat antolatu nahi genuke. Modu horretan, jendea gerturatzera animatu nahi dugu. Ez dadila izan igerilekuko taberna bakarrik, igerilekura sartu beharrik gabe ere, etor dadila jendea bertako giroaz gozatzera”, azpimarratu dute Uxuek eta Unaiek.

Tabernako ardura hartu duten gazteek ez zuten aurrez Asteasuko igerilekua ezagutzen. “Euskal Herriko puntu ezberdinetako jendea batu gara proiektu honetan, eta inork ez zuen aurrez ezagutzen. Aukera politak eskaintzen dituela iruditzen zaigu eta gustura gaude”.

Gerturatzeko gonbita

Gogotsu egin diote lanari ikasle gazteek. “Ekainaren 15ean etorri ziren hornitzaile gehienak eta ekainaren 16an eman genion hasiera denboraldiari. Eguraldiak pixka bat baldintzatuko du tabernaren egunerokotasuna, baina lortu nahi genuke eguraldi kaskarra denean ere jendea gurera gerturatzea”, azpimarratu dute. Uda amaitzean, euren helburuak bete dituzten edo ez baloratu beharko dute. “Taldean erabaki ohi dugu bakoitzak bere helburuak bete dituen edo ez. Emaitza akademikoez gain, norberaren ikasketa prozesua ere badago, noski, eta proiektu guztietan ikasten duzu zerbait. Urte osoan zehar oso ekimen  ezberdinetan murgilduta ibiltzen gara eta gauzak gure kasara egiten ikasten dugu”, azaldu dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!