WC Grooves, Andoaingo ordezkariak rock jaialdian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 16a, 02:00

Andoaingo taldeak eguerdirako iragarritako kontzertuetako bat eskainiko du. Laukoteak urrian kaleratuko duen diskoaren aurrerapena egingo du Goikoplazan, arratsaldeko 14:00etatik aurrera.

Oskar Perales (ahotsa eta gitarra), Daniel Pagola (bajua), Sergio Vicente (gitarra) eta Oskar Uribesalgok (bateria) osatzen dute taldea The WC Grooves taldea. Nahiko xelebrea izan omen zen hasiera: Duela hiru urte elkarren berri izan zuten; rockzale amorratuak izateak elkartu zituen. Haurrak ikastetxetik jasotzeko garai horretan hizketan hasi eta horrela erabaki zuten taldea osatzea: “2015ean Andoaingo Udalarengana jo genuen, Arrate pilotalekuko azpialdean entseiatzeko lekurik bat ote zegoen galdetzera. Erabiltzen ez zuten komuna libre zegoela erantzun zieten. Bada, huraxe eskatu genuen, lekua goitik behera berritzeko konpromisoa hartu eta gero”. Egin beharrekoak eginda, gela txikian biltzen dira ostiralero. Sakratua da hitzordua. Izena jartzerako orduan, beraz,entsegu-lokala izan zuten inspirazio iturri. WC komunaren laburdurari Grooves hitza erantsi zioten: leku itxi batean musikaren soinuak sortzen duen aparteko sentsazio edo atmosfera adierazi nahian. Larunbatean Andoaingo ordezkariak izango dira rock jaialdian.

Nork bere musika gustuak ditu eta ez dute bat egiten horretan. Bai, ordea, neurrigabeko musika zaletasunean. Heavy musika du gogokoen Peralesek, metala Pagolak, rock klasikoa Vicentek eta hardcorea Uribelsagok. Nongo bidetik jo, beraz? Beti-betiko rockari heldu zioten hasieratik, geroztik etorri ziren musika estilo guztien oinarrian dagoelako. Led Zeppelin, Thin Lizzy, ZZ Top… eta antzeko taldeen bertsioak jotzen hasi ziren, baina denboraren poderioz hamabi kantu sortu dituzte.

Perales eta Pagola dira taldeko konposatzaileak. Ingelesez abesten du Peralesek; ingeleseko irakaslea da, eta eroso sentitzen da horrela kantatuz. Letrek, berriz, rockaren munduan “betikoak” diren gaia jorratzen dituzte: parrandak, gautxorien ibilerak, emakumeak, maitasuna…

Udazkenean kaleratuko dute lehen diskoa

Urrian zehar zazpi kantuz osatutako diskoa kaleratuko dute. “18 urteko mutil-koxkor batzuk bezala gabiltza, egundoko ilusioarekin! Gaztetxean 2016ko abenduan lehen kontzertua egin genuenetik, kontzertu mordoa eskaini dugu, eta ikusi gaituztenek oso zuzeneko bikaina daukagula esaten digute. Zenbait kontzertu datozen asteetarako lotuta dauzkagu; beste hiruzpalau eskaintzei ezetz esan behar izan diegu, lauok ezin garelako bildu”.   

Andoaingo rock jaialdiaren eguerdiko saioan euren sormenekoak diren hamabi abesti eskainiko dituzte Goikoplazan, ordubeteko saioa osatu asmoz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!