Rock doinuen gaua Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 15a, 02:00

Rock, blues, funk eta bestelako musika doinuak zuzenean eta dohainik entzuteko aukera izango da larunbat honetan Nafarroa plazan. Bertako eta kanpoko artistak ezagutzeko aukera aparta, urtero-urtero bisitari askoren arreta pizten duena.

"Munduan rock and rolla jada ez da entzuten den estiloa, erreferente izateari utzi dio", horiexek izan ziren Glaukoma taldeko kantariaren adierazpen sonatuak. Bogan dagoen euskal musika taldea da Glaukoma, reggaea edota hip hopa uztartuz arrakasta handia izaten ari dena. Belaunaldi bakoitzak bere soinu banda propioa izaten duenez, ez dirudi egungo belaunaldien artean rock and rollak toki berezia duenik. Horrek ez du esan nahi Elvis Presleyrekin abiatu zen musika estiloa entzuten ez denik, edota jarraitzaile sutsurik ez duenik. Udako musika jaialdietan rocka izaten baita amurik erakargarriena. Adibide onak ditugu Euskal Herritik atera gabe. Besteak beste, hilabete honetan bertan burutuko diren Gasteizko Azkena rock jaialdia edota, txikiagoa bada ere, prestigioa ondo irabazita duen Andoaingo rock jaialdia. "One, two, three, four" larunbat honetan gitarra elektrikoen hotsak lau haizetara zabalduko dira Nafarroa plazan.

Aurtengoan, gainera, berrikuntzarekin. Jaialdiaren egunean, eguerdian hasita, herrigune osora zabalduko dituzte rock doinuak. Kontzertu txikiak izango dira jende gehien biltzen den herriguneko hiru plazatan: Goikoplazan, Bastero plazan eta Zumea plazan. Eguerdian hasi eta gauerdira arte pozik egoteko egitaraua prest dute rockzaleek Andoainen. Ez da modan izango, zaletuei bost axola horrek. "It's only rock and roll but I like it" kantatzen duen rockeroa ez da inoiz hilko.

Sei talde zuzenean ikusteko aukera Nafarroa plazan

Birkit

Birkit Gazte garaitan trebatu zen musikan, harik eta 2015ean bere bakarkako ibilbideari ekin zion arte. 2017ko udan “Emen” bere lehen diskoa grabatu zuen. Bakarka aritzen da zuzenekoetan. 18:00etan hasiko da.

Tulsa

Miren Iza gipuzkoarra taldeko buru eta arima da, ibilbide luzeko kantaria. Emoziozko narrazioak, folk rock amerikar zaporearekin. 2017an “Centauros” disko berria aurkeztu zuen. 18:50etan hasiko da.

The Coal Porters

Londres hiriburuan sortutako taldeak zuzenekotan Rolling Stones, Bowie edo Faces bezalako klasikoen bertsioak eskaintzen dituzte. 19:55etan hasiko da.

Boss Hog Punk

Funk eta blues musika uztartuz, zuzeneko bizia eskaintzen dute amerikarrek. Iaz argitaratu zuten ‘Brood X’ diskoa aurkeztera datoz. 21:35etan hasiko da.

The Kill Devil Hills

Australian sortutako akustiko eta country rock taldea da, eta dagoeneko bost disko aurkeztu dituzte. "In on Under near Water" azken diskoa aurkeztera datoz. 23:15etan hasiko da.

The Legendary Tigerman

Gaueko izarra, nazioartean one-man-band modura aski ezaguna. Andoainen lagun izango ditu Paulo Segadaes baterijolea eta Joao Cabrita saxofoijolea. 00:45etan hasiko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!