Gaztetxoek klima aldaketaren gaia landu dute Eskola Agenda 21 proiektuan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 15a, 02:00

Urnietako ikastetxeetako ikasleek klima aldaketaren gaia landu dute ikasturtean zehar Agenda 21 proiektuaren baitan, eta zenbait proposamen egin dizkiote Udalari Urnietan klima aldaketaren ondorioz sortzen diren egoerei aurre egiteko.

[Argazkiak]    [Bideoa]

Urnietak klima aldaketari nola eragiten dion ezagutzea izan da lanaren helburua. Ikasturte osoan zehar landu dute gaia Egape, Presentación de Maria eta Salesiarrak Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek.

Mikel Pagola alkateari eta zinegotziei beren proposamenak zeintzuk diren adierazi ostean, udal ordezkariek banan-banan erantzuna eman die Udalak proposamen horiek landuko dituen ala ez adieraziz, eta baita nola eramango dituen aurrera azalduz.

Argindarra aurrezteko, airera karbono dioxido gutxiago isurtzeko, ura aurrezteko... zenbait aholku eman dituzte ikasleek. Erantzunen artean hauxek: eskolara oinez edo bizikletaz joan; argi naturala gehiago aprobetxatu; zuhaitzak landatu; LED teknologiako argiteria erabili; garraio publikoa erabili; kotxea behar denean soilik hartu; oporretara joaten etxeko argiteria guztia itzali edota berogailua behar denean soilik erabili.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!