"Gorputzeko atal asko lantzen dira segan"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 16a, 02:00

29 urteko kirolari profesionala da Julen Gabirondo urnietarra. Profesionala, prestakuntzari dagokionez, sos kontutan diru zorroa bete baino hustu egiten duelako.

Gipuzkoako eta Euskal Herriko sega txapelduna da, eta igandean, Azkonobietako larreetan, Gipuzkoako txapelketaren atarikoan lehiatuko da, San Fermin egunez jokatuko den final handian aritzeko asmoz. Xoxokako lasaitasunean bizi da Julen Gabirondo urnietarra. Hiri lanetan du bizibidea, hodiak jartzen. Iturgin lana ez omen da erosoa, “egun guztia kale gorrian pasatzen baituzu, eguzkia edo euria izan”. Ilunabarretan, etxeratuta, sega du arnas bide, zaletasun. Orain dela sei bat urte hasi zen, eta hasi bazen, jarraitzeko da: “Etxean momentuz bikoteak lagundu egiten dit, ez dit traba edo kexarik jartzen, eta eskertzekoa da. Pentsa, egunero lanetik 18:00tan etorri, eta entrenatzera joan behar dudala badaki. Umeak etortzen badira kontua aldatuko da, noski, baino andreari eta aiton-amonei mesede eske hasi beharko nuke (barrez)”.

Gorputz atletikoa, gihartsua duzu lehen bistan.
Beno, sega baino lehen beti egin izan dut zer edo zer: futbola, pilota, gimnasio pixka bat… Prestakuntza profesionalarekin, segan hasi arte, ez.

Nola hasi zinen?
Xoxokako festa batzuetan zaletu nintzen. Suharri Irazustabarrena eta Mikel Zumetaren aurka halako desafioa sortu zen. Mikel Garaialde lagunak eta biok irabazi egin genuen, eta hortik aurrera, ezin utzi. Prestatzaile batekin hasi nintzen, pausoak eman hoberantz, garaipenaren jokoan sartu, eta behin hori lortuta, uztea ez da samurra.

Nolakoa da segalari baten prestakuntza?
Normalean uda eta negua artean banatzen dugu, baina ez zait gustatzen denbora gehiegi geldirik egotea, gaizki sentiarazten bainau buruz-eta. Behin denboraldia bukatuta, uda bukaeran edo,  lau bat entrenamendu egiten ditut neguan, gimnasioa, korrika eta bizikleta tartekatuz. Abendutik aurrera astean bost saio, mendi irteera batzuekin, eta behin segan hasi orduko, ba astean sei lan saio. Egun bat jai astean. Batzuetan igandea, besteetan asteazkena… Tolosaldean aritzen naiz lanean, eta 18:00ak aldera bukatzen dut egunerokoa. Egunak izaten dira, batere gogorik ez duzuna gorputza zigortzeko, baina egoskorra naiz, eta egin beharrekoa egiten ez badut, hurrengo egunean gaizki sentitzen naiz. Etsi-etsian hasten naiz askotan, baina gero gorputzak kemen hori eskertu eta erantzun egiten dizula sumatzen duzu, eta azkar ahazten da nagikeria. Kontrakoa ere gertatzen da, ez pentsa: sekulako gogoarekin hasi eguneroko lana, eta gorputzak erantzun ez…

Urte osoan bi txapelketa dituzue, nahiko segidan biak, udan. Buruz-eta ez al zaizu nekeza egiten?
Boladaka… Motibazio berriak nahi izaten dituzu beti, eta ez da erraza. Gipuzkoako txapelketa ekaina bukaera eta Sanferminak arte jokatzen da, eta Euskal Herrikoa, abuztuan. Gorputza bi hilabete horietan bete-betean egoten asmatu behar duzu, eta ez da erraza. Ikasten joaten zara urteak pasa ahala. Negua nola edo hala pasa, gero prestatzaileak egindako serieekin zaildu, eta txapelketak. Grina eta esfortzua dira kirol jarduera honen sekretuak. Besteek lana nola egiten duten ikusi eta ikasi, denek dutelako zurea hobetzen duen detaileren bat, nahiz eta agian zuk baino lan okerragoa egin.

Txapeldun zer den izatea ezagutu duzu, behintzat.
Bai. Bitan izan naiz Euskal Herriko sega txapelduna, eta Gipuzkoakoa behin. Lehiakorra naiz, eta diziplina batean hasten naizenean, ba nire onena eman arte ez dut bale esaten. Pentsamolde, gose horri esker etorri dira hiru txapelak.

Ze adin da egokiena segan goia jotzeko?
35 urte inguruan hartzen omen da. Nik 29 ditut, eta orain lortu dut nire puntu onena, baina bada jendea 42-43 urterekin egurrean dabilena.

Txapelak bai, sosik ez, zoritxarrez…
Dirurik ez dago gurean. Gutxi mugitzen da. Atzerrira joaten garenean, Europako Txapelketan-eta, hainbestean. Iaz Suitzan egin zen, han izan ginen Almitza elkartearekin, eta 2019an Austrian izango da. Giroa ederra izaten da, Euskal Selekzioa ordezkatuz parte hartzen dugu, eta halakoak bizitzea polita da oso. Eskualde hartan estimu handia dute segalariek.

Eta txapelek ezaguna egin al zaituzte herrian?
Urnietan, kalean, ez naiz asko ibiltzen. Goiburun bai, denak ezagutzen garelako. ETB ari da saio batzuk eskaintzen, eta bueno, fama pixka bat badugu. Gehiago eskainiko balitu hobe.

Sekreturik ba al dauka segak?
Bakar bat ere ez. Batzuk kadentzia edo maiztasun handiagoarekin ebakitzen dute, edo kolpe bakoitzeko belar gehiago moztu…, Bakoitzak bere era dauka. Ni maiztasun txikiagokoa naiz, baina trukean, kolpe bakoitzean ahalik eta belar kopuru handiena mozten saiatzen naiz. Mozketa ahalik eta azpien egitea ere garrantzitsua da, ze orduan eta lur azaletik gorago egin, orduan eta belar kopuru txikiagoa ebakitzen da. Alor fisikoa eta teknikoa, biak dira erabakigarriak garaipenak lortzeko orduan. Askotan fisikoki ondo egoteak, fresko, teknikoki ere eraginkorrago izateko atea irekitzen du.

Bukaerako momentuak ere ez dira kudeatzen errazak izango, proba bukatu eta ordu laurden pasa arte ez baita jakiten nor den garailea.
Urduritasun handiko uneak dira. Aizkoran edo korrika, badakizu irabazi egin duzula, baina segan ez. Ebakitako metro koadroak  ikusita, nik jakin dezaket aurkariak baina lur sail handiagoa ebaki dudala, baina horrek ez du esan nahi kilo gehien moztu dudanik, sail ezberdinetan belar kopurua zeharo ezberdina izan baitaiteke. Segan kilo kopuruak ematen eta kentzen du dena. Guk lanak bukatuta, biltzaileek 10 minutu dituzte dena biltzeko, eta kopuruak ordu laurdenera esaten dituzte.

Biltzaileak, konfiantzazkoak dira.
Bai, bai, jende ezaguna.

Segan hasten zarenean, nola bilatzen dituzu larreak?
Ollamar baserrian aritzen naiz sarri. Normalean baserritarrek deitzen didate, egun honetan, edo hurrengoan, ea moztera pasa naitekeen. Moztu, ahal dena, eta segi. Entrenamendu bakoitzean 1500 edo 2000 metro koadroko saila mozten dugu, gutxi gora behera. Batzuetan ordubete bete-betean, besteetan ba bi ordu lasai antzean. Edo 10 minutuko serieak, edo ordu erdikoak. Prestatzaileak agintzen didana. Beti lagun batekin alboan, sega zorrozteko-eta.

Zenbat sega dituzu?
Hiru dauzkat txapelketetarako. Birekin ere osa dezakezu. Belarraren arabera asko kamusten da xafla: belarra hezea egon, lehorragoa, sator lurretan egotea…

Zenbat balio du sega batek?
200 bat euro, kirtena aparte. Euskal Herrian dagoeneko ez dira ekoizten lehiaketarako segak.

Nola?
Daudenak daude. Lehen Legazpiko Bellota enpresak egiten zituen, baina gaur egun, dagoeneko, apenas erabiltzen dira, belaze guztiak traktorearekin ebakitzen direlako. Erostekotan Austrian eros daitezke, baina ez dira hemengoak bezain onak. Hemengoak bukatzen joango dira, urteak aurrera joan ahala, eta gero ikusiko da zer gertatzen den. Askok ganbaran gordeta dituzte, erabili gabe, oroitzapen bezala. Nik neuk ere sega onak direla uste dudanak gutxiago erabiltzen ditut, urte gehiagotan erabili ahal izateko esperantzarekin.  

Penagarria, ezta, segarik ez ekoiztea?
Modernitatea… Guk, segarekin, 2000 metro koadro mozten ditugu bi ordutan. Traktoreak 10 aldiz gehiago. Eta gerriko minik ez. Garai batean lanbidea zen, gaur egun ez. Aldaketa normala da. Baserriko munduak etorkizun iluna du. Bitartekoek baserritarrek baino sos gehiago irabazten dute, eta ez da normala. Nire ustez baserritar batek 8-10 orduko lana egingo balu, bizibidea aterako luke… Lehen 6-8 behirekin aurrera ateratzen zen baserria, orain horrekin jai dago. Behirik gabe sasia zabaldu egiten da, dena zikinagoa dago, baina inork ez du garbitzen. Norbaitek buelta batzuk eman beharko lizkioke, ze bestela esne ustiaketa bukatuko egingo da, eta askok uste duguna baino lehenago.

Igandean daukazu atariko kanporaketa. Nola zaude sasoiz? Langa gaindituko al duzu?
Bi adar daude. Adar bakoitzetik bi pasatzen dira, eta adar bakoitzean bost segalari ariko gara lehian. Ez dut lan errazik izango. Nire adarrean Igor Esnaola dago, aurkari gaiztoa eta Gipuzkoako Txapela irabazitakoa hirutan. Ivan Pardok ere asko hobetu zuen iaz, eta lanak emango dizkit. Tira, jarduneko txapelduna naiz, baina aurten eguraldia izan dena izan da. Eguraldi hezearekin baserritarrak ez du nahi segan aritzea, gutxi aritu naiz, eta aritu izan naizenean, toki txarretan: arbol tartean, sagastietan… Nabaritu egiten da, baina ni bezala, beste guztiak ere antzera dabiltza, nahi eta ezin. Orain dela urte batzuk egunekoa moztu, eta egunekoa ematen zitzaien behiei. Orain ez, orain bolak egiten dira, eta nahi dutenean eman behiei.

Zer da segako onena?
Kirol polita dela. Gorputzeko atal guztiak lantzen dituzu, hanketatik leporaino. Eta naturarekin kontaktuan egotea.

Eta txarrena?
Belardi bila aritu behar izatea, entrenatzeko. Gu ere eguraldiaren baitan ibiltzen gara. Ona datorrenean, denek deitzen dizute, mozteko, eta denera ezin iritsi.

Ba al du segak jendearen jarraipenik?
Gero eta jende gehiago agertzen ari da, Almitzak ere jendea erakartzeko lan ona egiten du, eta jendea etortzen da txapelketak ikustera. 800-1000 bat lagun batzen dira lehiaketa bakoitzean, eta kopuru polita dela esango nuke.

Urnietan hitzordu polita, beraz, egun pare batean!
Federazioak galdegin zigun ea proposamenen bat bagenuen. Azkonobietako larrea aipatu zen, eta halaxe egingo da. Urnietako jendearentzat aukera ezin hobea da. Gonbidapena egina dago!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!