Egape Dantza Taldeko kide den Jaione Jauregiren hitzetan, “Euskal dantzak egungo musikara eta mugimendu ezberdinetara egokituta ikusiko ditugu helduenen ikuskizunean”.
Helduek kale giroan egingo duten lehen ikuskizuna izango da hau. Ikasturte osoa daramate ekitaldirako prestatzen eta beraien artean urduritasun puntu bat nabari dela aitortu du Jauregik. Egingo dituzten dantza ezberdinen sorkuntzan dantzariek parte hartze zuzena izan dutela erantsi du, beti ere Edu Muruamendiarazen gidaritzapean.
Koloredantz ikuskizuna
Aurten koloreak ipiniko dituzte gazteen ikuskizunaren erdigunean. Beraz, ikuskizuneko jantziek ere koloreekin harremana izango dute. Egapekoek urnietarrak emanaldi bikainetara ohitu dituztenez, urtero zaletuen ikusmina berritzen dute. Sarrerak azkar saltzen ari dira: “Ikuskizun honen lehenengo saioa gonbidapenekin izaten da eta bigarrena herri osoari irekita. Bada, jada bigarren saiorako ehundik gora sarrera saldu ditugu”. Egape dantza taldeak arrakastaren bidetik jarraitzen duen seinale da hori.