Antolatzaileen esanak zintzo bete zenituzten. Erakutsitako jokabideari esker, bihurgune itxiz eta oinezkoentzat arriskugunez beteriko errepide zatian ez zen inongo arazorik sortu.
Eskerrik asko!
Eskertza luzatu nahi diegu igandean bertan laguntza osagarria eman ziguten laguntzaile eta bolondresei ere. Eta baita autobusen joan etorrian zein trafikoaren bideraketa lanetan profesionaltasun handia agertu zuen Andoaingo Udaltzaingoari ere.
Esker berezia, baita ere, Kaleberriko eta Zumea kaleko lokalen jabeei. 2017ko udazkeneko herri galdeketa gauzatzeko eta 2018ko udaberriko giza katea antolatzeko, Andoaingo Gure Esku Dagok lokal bana izan du. Aukera bikain hori lokal horien jabeen eskuzabaltasunari esker izan da. Garrantzia handikoa izan da, bi hitzorduetan herrikide askorekin hartu emana izatea bermatu ahal izan dugulako.
Herri galdeketak, Herritarron Ituna eta joan zen igandeko giza katea, inoiz ezagutu den mobilizaziorik handiena. Hiru lan ildoek, norabide berean, bat egingo dute aurtengo urtea amaitzen denean, eta une horretan atea zabalduko diogu ziklo berri bati. Herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko aukera izango dugun zikloari.
Eman diezaiogun eskua etorkizunari, demokraziari, erabakiari. Jende zoriontsua izan nahi dugulako, herri libre batean.
Har dezagun bidea!