“Erabaki etiko egingarriak agertuko ditugu azokan”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 14a, 02:00

Larunbat honetan Andoaingo Juanita Alkain plazan ez ohiko azoka antolatu dute, goizeko 11:00tan hasi eta 14:00ak arte zabalik izango dena. Andoaingo Fiare Elkartea da antolatzailea. Atxur Azurmendi, Haizea Baltasar eta Luis Escudero Fiare Elkarteko kideek eman digute azokaren berri.

[Bideoa]

“Alternaktiba Azoka”ren bigarren edizioa da; ugaritzen doa elkarteen presentzia.
Bai, elkarteei interesgarria iruditu zaie azokaren formatua, beren burua ezagutzera emateko. Gure inguruan elkarte ugari daude eredu ekonomiko alternatiboak proposatzen dituztenak, baina ez ditugu behar bezala ezagutzen. Andoaingoak edo Beterrikoak dira gehienak.

Eskaintza ezberdinak, beraz, azoka berean.
Gizarteko arlo ezberdinak jorratzen dituzte, eguneroko bizitzan egingarriak eta operatiboak diren jardunbide etikoa proposatuz. Azken batean, denok nahi dugu ongizate pertsonala, baina badakigu eguneroko bizimoduan hartzen ditugun erabaki ekonomikoak etika mailako erabakiak ere badirela, batzuen onerako eta besteen kalterako izan daitezkeenak.

Ez dituzuela eskaintza utopikoak egiten, errealistak baizik.
Hala da. Nekazal produktuak kontsumitzeko kooperatiba, banku eredu alternatiboa, etxeko argiaren hornidura... GoiEner kooperatibak bi urrats errazetan etxeko argiaren hornitzailea aldatzeko aukera eskaintzen du. Nahikoa da argiaren faktura bat aurkeztea.

Hitzalditxoak izango dira goizean zehar.
Karpa eta aulkiak jarriko dira ere, bost-hamar minutuko aurkezpen bana egin ahal izateko. Aurkezpen guztiak dira interesgarriak, baina aipatzekoa da, esaterako, Andoaingo SOS Kaleratzeak elkarteak gehiegizko klausulen inguruan prestatu duen txostena; Andoainen ez ezik Euskal Herri osoan erabilgarria izango da. Aldi berean, tarte berezia hartuko du Deustuko unibertsitateko irakasle Cristina de la Cruzek; ekonomia solidarioa eta feminismoa lotuz ekoSolFem ekimena aurkeztuko digu.

Greziako errefuxiatuen aldeko jakien bilketari garrantzia eman nahi diozue.
Bai. SOS Errefuxiatuak ekimenak Andoainen baditu bultzatzaileak, eta horiek proposatuta, jakien bilketa kanpainan parte hartzeko aukera emango zaie herritarrei. Astean zehar herriko merkatalguneetan utz daitezke elikagaiak, eta larunbat eguardian Azokan bertan. Bildutakoa Greziako errefuxiatuei bideratuko zaie.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!