Lehenengo multzoan Jokin Etxeberria, Andoni Goikoetxea, Suharri Irazustabarrena, Jesus Mari Ormaetxea “Urki” eta Jon Otegi lehiatuko dira, eta goizeko 11:00etan hasiko dira lanean. Bigarren multzoan, berriz, Igor Esnaola, Julen Gabirondo, Mikel Lizartza, Iñigo Mercader eta Iban Pardo. Horiek 12:00etan hasiko dira lanean.
Ordu erdiko lana egin beharko dute parte-hartzaileek eta multzo bakoitzeko lehenengo biek lortuko dute uztailaren 8an Asteasun jokatuko den finalerako txartela.
Julen Gabirondo faboritoen artean
Julen Gabirondo urnietarrak emaitza bikainak eskuratu ditu azken urteetan; horrela, herri kirolen munduko erreferenteetako bat bilakatu da.
2015. urtean eskuratu zuen bere lehen txapela Euskal Herriko txapelketako modalitate luzean nagusituta. 2016an Gipuzkoako bi txapelketak irabazi zituen, bai luzea, eta, baita azkarra ere. Eta 2017a ere urte biribila izan zen berarentzat, Euskal Herriko bi txapelak eta Gipuzkoako azkartasunekoa irabazi baitzituen.