Txotx garaiaren balorazioa eta Sagardo Tour ekimen berritzailearen aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 9a, 02:00

Gipuzkoako sagardogileen elkarteak 2018ko Txotx garaiaren datuak eskaini zituen prentsaurrekoan, udan abiatuko duten Sagardo Tour proiektu berritzailea aurkeztearekin batera.

Agerraldian emandako datuen arabera txotx garaian 600.000 lagun ibili dira elkarteko sagardotegietan, urtarriletik maiatzera. Enpleguan duen eragina erakusteko, aurten 460 lanpostu sortu direla adierazi zuten. Bezeroa hein handi batean bertakoa da, Euskal Herri osokoa. Oro har, datu nagusiei erreparatuta, larunbatetan lagun taldeak doaz sagardotegira eta igande eguerdian familiak. Kanpotik, estatu mailari dagokionez Huesca eta Errioxa aldetik igoera nabarmena lortu dute. Kataluniarra eta madrildarra da, oraindik orain, kopuruan bisitari gehienen jatorria. Atzerritik frantziarrak eta geroz eta gehiago AEBetako bisitariak. Joera hau eskaintza turistikoari lotuta dago zuzenean, iaztik hona turismoaren bitartez erakarritako bezeroa %25a igo dela adierazi baitzuten.

Txotx garaia amaituta, sagardotegien ia erdiak ateak zabalik ditu eta guztien uzta dastatzeko aukera dago saltoki ezberdinetan, dagoeneko botilan merkaturatua baitago.

Sagardo Tour

Gipuzkoako turismoaren ardatz nagusiak, herrietako merkatu ezberdinak eta Gipuzkoako hainbat sagardotegi ezagutzeko uda honetarako eskaintzak Sagardo Tour izena du. Ekainean hasi eta iraila bitarte, larunbatero esperientzia ezberdinak eskainiko dituzte. Kanpoko turistei begira badago ere, bertakoentzat ere interesgarria da.

Eskaintza osoa webgunean: Sagardoa.eus

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!