San Juan jaietako berrikuntzen aurrerapena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 9a, 02:00

Maider Arabaolaza Agirrezabal-en "Sugarra" lanak zabalduko du aurtengo jaietako egitaraua. Udaleko kultura sailak datorren astean jai egitarauaren aldizkaria etxez etxe banatzeari ekingo dio. Aurrerapen modukoa egin dute, ohar bidez.

Elkarte gastronomikoek antolatuta, ekainaren 23an tortilla lehiaketa eta ondorengo tortilla eta ardo dastatzea izango da. Biharamunean munduko zaporeei tokia egingo diote. Herrian bizi den atzerritar talde batek bakoitzaren herrialdeko platerak prestatuko dituzte. Ekainaren 24ko herri kirol erakustaldian, bestalde, mundu mailan saritu dituzten emakumezko sokatira taldeak lehiatuko dira.

Adi aurtengo bertso saioari, Mendiluze, Lujanbio, Colina, Arzallus, Elortza eta Iguaran kantuan arituko baitira.

San Juan sua Udaletxetik bertatik

Aurten ere Udalak hamar herritarrei San Juan suaren ospakizunak Udaletxeko balkoitik ikusteko aukera eskainiko die. Aukeraketa zozketa bidez egingo da. Zozketan parte-hartzeko izen-ematea zabalik dago hilaren 15era bitarte Andoain.eus webgunean, Atarian arreta zerbitzuan eta Bastero Kulturgunean. Zozketa horretan bost pertsonen izenak aterako dira eta bakoitzak nahi duen laguntzailea eraman ahal izango du. Zozketa ekainaren 18an izango da 12:00etan hasita, Udaletxean bertan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!