Iazko ekaina erdialdean maleta ilusioz bete eta Poloniara joan zen, Zipreko AEK Larnaca taldearen aurre-denboraldira batzeko, eta maiatzaren 20an bueltatu da. Titulua eta Kopa bat besapean. Kontent da Nestor Orozko (33 urte): “Txapelketarik irabazi gabea nintzen infantil mailatik, pentsa…”. Zipre eta futbola ditu hizpide, kirol diziplina horren aurpegi onak, eta ez hain onak. Gozatzen ari da orain etxean, bikotearekin, koadrilarekin, etxekoekin, eta ez daki non eta zer egiten egongo den irailean: “futbol talderen batean, akaso. Edo irakasle. Datorrena gustura hartuko dut”. Eskatzeko baimena balu, zintzo: “Zipre baino gertuago tokiren bat”.
Ia urtea pasa da Urnieta utzi eta atzerrira joan zinenetik. Atzera begiratua egin eta zer ikusten duzu?
Hasiera Polonian izan zen. Erosoa. Aurre-denboraldia. Erraztasun asko eman zizkiguten han, 8 futbol zelai guretzat. Aldaketa sakonena hizkuntzarena izan zen. Komunikazioa ia dena ingelesez zen, Imanol Idiakez entrenatzailea eta kirol arduradunarekin izan ezik [horiekin gaztelaniaz]. Europa League txapelketa erronka mamitsua da AEK Larnacarentzat, ekonomikoki funtsezkoa. Teknikarioi esan zigutenez, kanporaketak gainditu eta multzoen fasean sartzen baginen, urteko soldaten erdia ordaintzen omen zuten. Prestaketa fisiko azkarra eta eraginkorra egin behar zen, ni Poloniara iritsi eta hiru astera Europa League-eko lehen partida baikenuen Faron (Portugal), Gibraltargo talde baten aurka. Faron egon ginen, Cork-en (Irlanda), Pilzen-en (Txekia)… Pilzen-eko Viktoriak kaleratu gintuen, multzoen fasera iristeko atarian [txekiarrak final laurdenetara iritsi ziren, gero].
Kolpea izango zen, multzoen fasea ez jokatzea, ezta?
Bai, batez ere gertatu zen moduagatik. 0-1 ginen aurretik, 0-2koa lortzeko aukera garbia huts egin genuen, eta gero, ba buelta eman zioten, eta kalera. Aste gaizto samarra izan zen, baina Liga berehala hasi zen. Lehen partida irabazi genuen, eta Europako atsekabe hura desagertzen joan zen pixkanaka.
Nolakoa izan da zure egunerokoa Larnacan?
07:00tan jaiki eta 08:00tan klubean lanean hasten nintzen. Imanolekin batzartu, lan saioa prestatzeko. Goiz, beti, urrira arte edo bero handia egiten duelako. Hezea, gainera. Behin egunekoa adostuta, ni gimnasiora joaten nintzen, prebentzio lana egitera jokalariekin: lesioak saihesteko lana, eta beste. Nahi zuenak ere lan estra izaten zuen, nik prestatuta, gimnasioan. Imanol eta bere bikotearekin bazkaltzen nuen gehienetan, eta bazkaldu ostean, etxera. Baina etengabeko komunikazioan Imanol Idiakezekin. Arratsaldean hurrengo eguneko ariketak prestatzen nituen. Laburbilduz, lanpetuta. Ia egun osoa futbolari lotuta ematen nuen.
Nolakoa da Zipreko Liga?
Diferentzia handiak daude taldeen artean. Badaude 6-7 talde Liga lortzeko lehian daudenak. AEK Larnaca horietako bat da, eta multzo hori eta beste taldeen artean nabaritzen da apalagoak direla. Sei onenen artean borroka oso gordina izaten da, batez ere Ligako azken fasean, non sei onenek elkarren aurka jokatzen duten. Hapoel Limassol da, denek gainditu nahi duten aurkaria. Oso zaletu sutsuak dira zipretarrak.
Alderaketaren bat egin zenezake, erreferentzia bat izateko?
Ez nuke asmatuko esaten zerekin alderatu daitekeen AEK Larnaca, han Liga berezia delako. Espainiako 2. Mailan, adibidez, parekotasun handia dago. Zipren alde handiagoak daude. Europa Liga izan liteke baremo ona. Multzoko taldeen fasea jokatzekotan egon ginen. Dimentsioa ezberdina da, nahiz eta Zipre izan! Europa League jokatzen duzu, eta Liga bat irabazteko lehian murgiltzen zara. Exijentzia handia da, eta nire lanean hori sentitu dut, gauzak ondo, txukun egiteko exijentzia.
Exijentzia bai, eta presioa?
Handia. Oso aldakorra aste batetik bestera. Presioa zer den ezagutzen nuen, baina hain gordin ez… Bi partida galtzen bazenituen jarraian, tentsioa sumatzen zenuen. Asteazken-larunbat, bi partida jokatu, biak galdu, eta, dena aldatzen da. Batez ere jabeen iritzia. Eta aurreko hiru hilabeteetan dena irabazita! Hasieratik garbi genuen, bizpahiru emaitza txarrek etxera bueltatu behar izatea suposa zezakeela. Halakorik gerta daitekeela lehenbailehen asumitzea, onena. Hau futbola da. Imanol Idiakezek titulu bat irabazi du orain hilabete bat, eta gaur-gaurkoz langabezian dago.
Atzera begiratu eta bost urte egin dituzu dagoeneko prestatzaile lanetan. Lau Real Union taldean, Irunen, eta bat Zipren. Ez dira asko, hori esan dezaketenak. Futbolean bidea egiten segitzeko tarterik ikusten duzu?
Harro nago egindako lanaz. Eta pluralean hitz egiten dut. Nik badakit Imanol Idiakezek bidea egingo duela futbolean, entrenatzaile ona delako. Imanol Idiakezekin baldin banago, futbol ideia berbera daukagulako da. Ea biok batera jarraitzeko aukera dugun.
Eta Imanol Idiakez gabe, posible ikusten al duzu?
Gai sentitzen naiz beste entrenatzaile batekin bidea egiteko, baina argi daukat. Imanolekin futbola eta beste gauza askori buruzko ikuspuntua partekatzen dut, gustura gaude, ondo moldatzen gara, eta ez dut biderik ikusten Imanol Idiakez gabe. Baina era berean, hau futbola da… Entrenatzaile askorekin aritu izan naiz lanean, eta denetatik ikasi dut zerbait: Alvaro Cervera, Roberto Olabe, Sergio Francisco, Imanol Idiakez, Miguel Sola…
Futbolari lotuta jarraitzen baduzu, garbi duzu etxetik kanpo, urrun izanen dela. Asumituta duzu?
Bai, hala ez balitz ez nintzatekeelako Zipreraino joango. Zorionez bikoteak nire lanbideak dituen ezaugarriak onartuak ditu, eta futbolarekin zerikusia duen lanbidea bada, normalena Euskal Herritik kanpo jardutea da. Urretxun bizi gara, eta jakina, elkarrekin biziko bagina, ba hobe, baina gaur-gaurkoz ezin dut jakin zein norabide hartuko dudan hilabete barru.
Aukeratzeko baimena emango balizute, ze destinu aukeratuko zenuke?
Reala, noski, baina Asier Garitano fitxatu dute dagoeneko, beraz… Etxetik gertu balitz gertu, hobe. Espainiako 2. Mailan, Portugalen, Frantzian, Dena izango da Zipre baino gertuago. Han urte osoa egin dut, 11 hilabetetan behin bakarrik bueltatu naiz etxera… Ez naiz damutzen joan izanaz, baina ez da eramaten erraza.
18 urterekin Madrilera jo zenuen Heziketa Fisikoa ikastera… eta begira non zauden orain! Pentsatu ere ez, orduan, ezta?
Bai zera… Erotuta ere ez! 18 urterekin ez da pentsatzen 33 urterekin non eta zertan ariko zaren!
Futbolak ia denbora guztia jan dizula esan duzu, beste zerbait egiteko astirik eduki duzu?
Hango egunerokoan murgiltzen saiatu naiz. AEK Larnaca taldeko atezainen entrenatzailea greziar-zipretarra da, baina Turkiak mendean hartutako Zipreko aldean jaio zen (uharte erdiak Greziako administrazioa dauka, eta beste erdiak Turkiakoa). Bere jaioterritik hanka egin behar izan zuten berak eta aitonak, Turkiak euren jaioterria inbaditu zuelako. Oso interesgarria izan da niretzat bere sentipenak ezagutzea. Berez giroa baketsua da, baina Europak egun duen konflikto zaharrena da, eta NBE hor ari da, bi aldeekin negoziatzen. Greziako Zipretik Turkiara pasatzea bizitza guztian gogoratzen den ekintza da: txarrantxaz jositako muga da, eta horrek zer pentsatua ematen du. Historia zalea naiz, eta izan ditudan ordu apurrak hango egoeraz ikasteko baliatu dut.
Irakasle lana faltan bota duzu?
Bizitzak esango du hurrengo urtean futbolari edo irakasletzari lotuta egongo naizen, baina bat edo beste izan, gustura hartuko dut.
Ez duzu esango datorren denboraldirako esku artean eskaintzaren bat ba ote duzuen, ezta?
[Barrez] Une honetan ez dugu ezer, benetan. Azkar jakingo da baina oraintxe ez daukagu ezer!.