Euskaraldiaren hamaikakoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 8a, 02:00

Alor ezberdinetan erreferentzia diren hamaika andoaindar izango dira Euskaraldiaren babesle nagusiak. Herri eragile eta ordezkari zabalak babestuta, Euskaraldiak jendaurreko aurkezpena egin berri du. Ekimen gehiago izango dira, azarora bitarte.

[Argazkiak]    [Bideoa]

Euskaraz bizi nahi duten aditu eta euskaltzaleen artean kezka aspaldikoa zen. Azken hamarkadatako hiztun kopuru handiena izanik, euskararen erabilerak ez zuen aurrera egiten. Erabilera areagotzea erronka modura hartu zen, eta Lasarte-Oria edota Donostiako auzune ezberdinetan esperimentazio ezberdinak egin zituzten. Giltza ez dago erabiltzaile hutsean, baita inguruan ere. Erabiltzen duen eta dakien jende asko dago, baina baita ez dakienik edota jendaurrean ondo moldatzen ez dakienik ere. Hitz egiten eta ulertzen dutenen artean sinergiak bilatuz, Lasarte-Orian Ahobizi eta Belarriprest rolak sortu zituzten. Ahobizi euskaraduna da, eta hitz egiteko eta ulertzeko gai da. Belarriprest euskararen unibertsoan kokatzen da, ulermen maila badu eta euskara gertukoa zaio. Bada, biak elkar lotuz, euskara bilgune eta zubi modura erabili zen. Fenomeno hori datuetara eraman zuten, eta esperimentazioaren ostean euskararen erabilera %21 hazi zen. Are gehiago, saiakera igaro eta hiru hilabetera hazkunde handi hori puntu pare bat baino ez zen murriztu. Euskaraz bizi nahi duten aditu eta euskaltzaleak etorkizunerako estrategia berria marrazten hasi ziren orduan. Hortik dator, beraz, udazkenean Euskal Herri osoan egingo den Euskaraldia egitasmoa. Euskararen erabilera sustatzeko saiakera garrantzitsua izango da, erakunde instituzionalak eta herri ekimenak elkarlanean jarri dituenak.  

Andoainen, Udalarekin batera, ikastetxeak, kirol eta kultur elkarteak eta norbanakoak Euskaraldia antolatzeko lehen urratsak ematen hasi dira. Joan zen ostiralean Ondarreta ikastetxeko jolastoki estalian Euskaraldiaren ikur izango den hamaikakoa aurkeztu zuten. Bakoitza bere ezagutza mailatik baina guztiak egunerokoan euskararen aldeko konpromisoa erakusten ari dira. Ahobizi paperean arituko dira batzuk, Belarriprest modura besteak. Egun hauetan hamaikakoaren aurkezpen bideoa zabaldu da, eta laster hamaikakoaren partaide bakoitzaren bideo banatan euskararekiko hamaika esperientzia personal ezagutuko dira.

Aurrerapen modura, Iñaki Zabaleta apaiza Ahobizi izango da Euskaraldian: "Nire garaian giro erdalduna nagusi zen kalean, eta baita eskolan ere. Gurasoek etxean euskaraz egiten zuten, baina guri askotan gazteleraz egiten ziguten. Anai arrebekin ere euskaraz eta gazteleraz jarduten genuen, baina gehienetan gaztelera hutsean hitz egiten pasatzen genuen eguna. 15-16 urte nituenean konturatu nintzen euskaldundu beharra nuela eta orduan hasi nintzen ikasten".

Belarriprest modura arituko da Oliva Caballero. La Salle Berrozpe ikastetxeko jangelak egiten du lan. Sortzez Caceresekoa da, eta txikia zela Andoainera etorri zen bizitzera. Euskara galdu ezin den ondarea dela dio: "Txikitan euskal dantza taldean egon nintzen eta bertako kulturarekin maitemindu nintzen. Euskara hizkuntza oso polita dela iruditzen zait. Desberdina eta polita da, ezin dugu galdu".

Eñaut Egaña - Ikaslea

{{IMG-40996}}

"Euskaraldia aukera oso polita da gure ingurunea pixka bat gehiago euskalduntzeko".

Ana Carrero - Autoeskolako langilea

{{IMG-40997}}

"Saiatuko naiz euskaraz gehiago hitz egiten baina gazteleraz hobeto moldatzen naiz".

Leire Rekalde - Hezitzailea

{{IMG-40999}}

"Hasieran zaila dela irudituko zaie baina erdaldunei pixkanaka hasteko esango nieke".

Merce Brau - Correos-eko langilea

{{IMG-40998}}

"Inguruan gehienak euskaraz egiten dute eta  gutxienez euskara ulertu behar nuela erabaki nuen".

Oliva Caballero - Jangelako langilea

{{IMG-41000}}

"35 urterekin hasi nintzen euskaltegian, beste haurren gurasoek euskaraz hitz egiten zutela ikusita".

Estebe Lopez de Munain - Lorazaina

{{IMG-41001}}

"Euskararen aldeko saiakera egitea eskatuko nieke, beraiek bizi diren kulturaren parte delako".

Eugenio Delgado - Musikaria

{{IMG-41002}}

"Musika da euskal kulturatik gehien gustatzen zaidana. Edozein hizkuntza altxor bat da. Aberastu dezagun gure bizitza.
Hitz egin eta gozatu".

Ines Miron - Guraso Elkarteko kidea

{{IMG-41003}}

"Nire helburua kalean euskaraz hitz egitea zen. Euskaraldian Belarriprest izateko konpromisoa hartuko dut, Ahobizi bezala ez bait naiz eroso sentituko".

Iñaki Zabaleta - Apaiza

{{IMG-41004}}

"Euskara mundua ikusteko begirada bat da eta nire barrutik ateratzen da. Nik beti maite izan dut euskara. Euskaraldian Ahobizi izango naiz".

Inma Cires - Erizaina

{{IMG-41005}}

"Oso hizkuntza aberatsa da ingurukoekin hitz egiteko, komunikatzeko eta kulturaren berri izateko. Zaila da ikastea, baina behin lortuta merezi du".

Izaskun Aizpurua - Ikaslea

{{IMG-41006}}

"Euskarak batzeko balio du.Ezagutu izan dut Madrilera bizitzera joan den jendea eta beraien artean euskaraz hitz egiteko geratzen direnak".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!