Egunerokotasunaren kronika, poesiara eramanda

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 10a, 02:00

Iñaki Irazu (Asteasu, 1954) Jabier Muguruzaren musikariari makina bat letra jartzeagatik batik bat zen ezaguna euskal letren munduan. Bere lehen poema liburua argitaratu berri du.

Zerk eraman zaitu hiru zatitan (Errukiaren saria, Kaja bakarra eta Zubiondoko gaztainatze) banatzera liburua?

Banituen paper batzuk idatzita aspaldian. Nire barrutik sortuak ziren bai, baina ez nekien nondik zetozen. Idaztea nork bere burua eta bizitza ordenatzeko modu bat izaten dela, ideia hori kontuan hartuta pentsatzen jarri, eta halako batean sukaldearen irudia etorri zitzaidan: “Nongo sukaldeetara narama oroimenak?” galdetu nion neure buruari. Bost atera zitzaizkidan, Asteasukoa, Andoaingoa eta Bilboko hiru auzoetakoak. Sukaldeek nire geografia emozionalaren zilborra adieraz zezaketela, alegia. Era horretan ordenatu ditut hiru zatiak. Dena esatera, Erein argitaletxeko Inazio Mujika editorearen ideia izan da sukalde bat jartzea liburuaren azalean.

Eta non dute sorburua hiru zatiek?

Asteasukorik ez dut sartu. Andoainen kokatzen dira Errukiaren saria lehen atalean biltzen diren poesiak. Bilboko bizialdikoak dira Kaja bakarra atalekoak. Hirugarren atala, berriz, Jabier Muguruzaren musikari egindako letrekin osatu da.

Poesia pasarteek pertsonajea daukate eta bere inguruko kronika egiten da. Narratiboa da erabili duzun estiloa.

Kronika dut gogoko, baita literaturako beste generoetan ere; kronikaren estiloa botatzen dut faltan maiz, euskaraz idazten diren gauza askotan batez ere. Ez ditut atsegin, esaterako, tramaren bukaera jakiteko azken orrietaraino joatera bultzatzen zaituzten nobela luzeak. Irakurle gisa, nahiago ipuinak eta errelatu motzak, edo entseguak. Poesia idazterakoan, zerbait kontatzeko premia edukitzen dut; hizkuntzak, distira hitzetan jartzeak, barne sentimenduak agertzeak... ez dauka lehentasuna nigan.

Zenbait lagun eta bizilagunei poesia idatzi dudala adierazi, eta erreakzioak halakoak izan ditut. Iruditzen zait hezkuntza kaskarra jaso dugula poesia hizpide hartuta. Poesia aipatu, eta berehala identifikatzen dugu sonetoarekin, metrika jakin batekin, erromantizismoarekin, “Zuregatik ilargia lapurtuko nuke” eta antzeko esaldiekin... Nolanahi ere, Espainiako edo Euskal Herriko tradizioa aztertzen badugu, historiak kontatzen dituen poesia topatuko dugu aisa: Becquer, Otaño...

Azken batean, nire poesia zatiak presentzia batetik jaio dira. Humus emozionala deitzen diodan indar bat isurtzen da presentzia horretatik. Presentzia hori ez da soilik pertsonajea; izan liteke, halaber, giro bat, egoera bat, kale bat...

Musikarentzat letrak egin izan dituzu urtetan, baina zure lehenengo literatur liburua argitaratu duzu...

Nik oroimen pertsonal bat daukat, adinean aurrera zentzuz betetzen joan dena, eta beharbada orain heldu da unea. Nahiko nukeen gaztea izan eta zaharrak duen jakindura eduki, baina ez da hala. Gure aitak esan ohi zuen bezala, “gazteek zentzu gutxi eta zaharrek indar gutxi”; azken batean, “gazteak baleki, zaharrak baleza” esaeraren aldagaia, alegia.

Poesia soziala eta politikoa darabilzu maiz. Indarkeriarekin lotutako gure iragana dute gaitzat. Bada azken aldian debatea literaturak hori guztia kontatu behar ote duen ala ez. Zuk eduki al duzu tentaldia poesiara eramateko iraganaren kontakizuna?

Ez da izan aurrez pentsatutakoaren emaitza; ez dut konszienteki erabaki “orain guardia zibil bat sartuko dut, eta geroxeago gudari bat”. Nire geografia emozionalak biolentziazko egoerak biltzen ditu besteak beste, eta hori islatu egin da poesian.

Nolanahi ere, ez daukat argi zein behar duen izan literaturaren zeregina. Gure bizitzan hiru elementu daude garrantzizko: bakardadea, maitasuna eta heriotza. Literaturan personajeak eta egoerak eratzen dituzu, eta saiatzen zara kontatzen nola harremantzen diren aipatu hiru elementu horiekin. Hori da literatura egitea.

Benetako pertsonak eta beren gora beherak ageri dira poesietan. Andoaingoak dira zenbaitetan, nahiz eta izen abizenik ez aipatu: torturatutako lagunak, ETAk hildako herritar bat...

Barruko bozetatik irteten dira, humus emozional horretatik jaiotzen dira, presentzia bat hartzen dute; hortik aurrera iristen da une bat non nik ez dudan iritzirik ematen, eurei uzten diet erabaki dezaten zer egin.

Lehen pertsonan bizitutako gertaerak dira zenbaitetan. Badago egia bat; ez da galtzen bertan agertzen diren pertsonekiko zintzotasuna, baina benetako gertaera hori oinarri izanda, hemengo eta hango elementuak erantsi dira. Azken batean, lan literarioa egiten saiatu naiz, ez kazetari kronika bat.

Bigarren poesia liburu baten esperoan geratu behar al dugu?

Ezustekoa izan da niretzat liburua, ez bainuen halakorik espero, eta oraingoz satisfakzio handiaren sentimenarekin nago. Egia da kanpoan geratu direla zenbait poesia zati, eta segitzen dudala gauzak idazten. Baina, liburua argitaratzea ez da idazlearen kontua. Idazleak idatzi dezake, baina gero dator editorearen lana, irakurleak... Liburua denen artean osatzen baita azkenean. Faktore ugari egon daitezke argitalpen bat gauzatu dadin, eskaera egotea besteak beste.

Kontaketa dramatizatuetan aritutakoa zara...

Antton Valverde, Gontzal Mendibil edo Jabier Muguruzarekin batera Gandiaga, Lizardi edota Iparragirre poeten inguruko jendaurreko jardun dramatizazioak egin izan ditut, egia da. Euskara irakasle izan aurretik aktore dramatikoa izan nintzen bikoizketa munduan, eta hori lagungarri gertatu izan zait. Hala ere, ez dut aktore izateko balio; nire psikologia gora beheratsua da, eta ofizio horretarako oreka mantendu behar duzu grazia on batean egoteaz gain, eta hori ez da nire espezialitatea... Mundu honetan, bizitzan zehar, ertzean, mugan egotea tokatu izan zait beti. Kronikari baten lekuan ikusten dut burua: gauzen edo istorioen barruan baldin bazaude ez daukazu interpretatzeko ikuspegia nahikoa, eta kanpoan egonda ere, berdin-berdin gertatuko zaizu.

Asteasun eta Andoainen bizitutakoa zara. Zer nolako esanahia daukate zuretzat bi herri horiek?

Asteasu haurtzaroaren sinonimoa da niretzat. Letra larriz idatzitako “historiatik” kanpo egon nintzen bizialdia da. Umea zara eta geografia mitifikatu egiten duzu. Irudi ugari dauzkat grabatuta oroimenean: Antselmo Larrarte eta bere senideak, haiekin ehiza kontuak, haien amona hegaztiak lumatzen, ardagaiaren eta suberriaren erritual-sinbolikoa, Basarri bertsolariaren irratsaio sakratua bazkalordutan etxeko sukaldean, presako putzuan bainu hartzeak...

Andoainen abiatzen da “historia” niretzat. 14 urterekin hasi eta 28 urte bitarte luzatzen dena. Gaztea zara, eta mundua mundu egiten hasten da. Kontzientzia eta konszientzia hartze bat hasten da. Mundua kontrolatu edo asmatu egin nahi duzu, erantzun eske diren galderak dauzkazu buruan, lagun giroak indar handia hartzen du zugan, faxismo hitza entzuten duzu lehen aldiz...

“Ne’  lagunak urruti dira” diozu oroimin puntu batekin, azken aurreko poeman...

Bai, halaxe da. Bilbon zaude, eta konturatzen zara poliki-poliki aspaldiko lagunek ere, nork bere bizitza egiten dutela. Egia esanda, ezin izan nintzen errotu ez Asteasun ezta Andoainen ere. Esaten da badirela bi haize mota, barrukoa eta kanpokoa. Nire barruko haizeak indar handia izan du nigan, eta ez dit utzi leku batean geratzen; leku batetik bestera eraman izan nau...

Nolanahi ere, aspaldi bilboratutako Andoaingo asteasuar bat sentitzen naiz, eta loturak ez dauzkat puskatuta. Aiurri bidez astero etortzen zaizkit bi herrien inguruko berri batzuk, eta bestela, nola edo hala saiatzen naiz baten batekin mantentzen konexioa. Andoainen anaia txikia eta bere familiaz gain, adiskideren bat edo beste daukat; Asteasun ere bakarren bat bai...

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!