Harremonak egitasmoa gauzatu dute Andoaingo ikastetxeetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 8a, 02:00

Arremanitz kooperatibak Alu Ulu antzerki foroa antolatu du Andoaingo ikastetxeetan. Tailer ezberdinak ere antolatuko dituzte hilabete honetan zehar, ikasturteari amaiera emateko.

Arremanitz kooperatibak, Harremonak egitasmoaren baitan, Alu Ulu antzerki foroa antolatu du ekainaren 20rako. Bi saio egingo dituzte, 12:00etan eta 18:00etan. Parte-hartzeko, izena ematea beharrezkoa da. Antzerki foroari buruz solastu gara Edurne Mendizabalekin, Ibai Fresnedorekin eta Izaro Auzmendirekin.

Zer da Harremonak proiektua?

Edurne Mendizabal: Harremonak proiektuaren barruan Andoaingo ikastetxeetako DBH 3-ko eta Batxillergo lehen mailako ikasleekin sexuen hezkuntza lantzen dugu. Proiektu integrala da, eta ikasleez gain, irakasleekin eta gurasoekin ere lantzen da. Auto-antolaketa taldeetan batu, eta sexu hezkuntzaz, parekidetasunaz, hezkidetzaz... solasten dira. Andoainen hiruzpalau talde sortu dira. Hilean behin elkartzen dira, eta gai horien inguruan beraiek eragile izatea nahi dugu. Hori da gure filosofia; aditu garen partetik eragileen eragile izatea. Antzerki foroa ikasturteari amaiera polita emateko tartaren ginda izango da.

Zer nolako ikuskizuna izango da Alu Ulu antzerki foroa?

E. M.: Bi zati edukiko ditu antzerki foroak. Lehenengoa, antzerkia izango da, eta bertan 20 urteko gazte baten esperientziak, bizipenak, emozioak... kontatzen dira. Bigarren zatiak du guretzat garrantzia handiagoa. Antzerkia amaitzean talde txikitan bildu eta solaserako aukera egongo da. Norberak nahi duen taldera batu, eta aditu baten konpainian bakoitzak bere bizipenetatik esperientziak partekatzeko momentua izango da. Gizartean sexualitateari eta berdintasunari buruz dagoen diskurtsoa zein den badakigu, zer den egokia eta zer ez zehazten duena, eta horrekin gogaituta gaude.

Urteetako eskarmentuaren poderioz ikusi dugu ez dela sexualitateari buruz natural hitz egiten, batez ere emakumearen sexualitatearen inguruan. Hutsune horretatik abiatu gara.

Ibai Fresnedo: Foroak edozein pertsonak bere bizitzan dituen ardatzak biltzen ditu, eta antzerkian protagonistak gorputza nola ulertzen duen azaleratzen da, edota protagonistak zein bizipen dituen ligatzerakoan. Oso gai integralak dira, egungo nerabeen egunerokotasunean agertzen direnak.

Zein  jarrera eduki dute gazteek klasean sexu hezkuntza lantzean?

Izaro Auzmendi: Orokorrean beso zabalik hartzen gaituzte. Astean ordu gutxi egoten gara, eta aprobetxatzeko joera erakusten dute gazteek, jorratutako gaiak interesgarri suertatzen zaizkie. Bide ezberdinak erabiltzen ditugu gaiak lantzerakoan; norberak berea kontatzea, baino modu anonimoan galderak eginez, beraiei gaiak planteatuz…

Aholkularitza ere badugu. Bertan aukera dute beraien bitzitzan ez dagoen heldu batekin hitz egiteko, modu konfidentzialean. Banakako horretan norberak bere zamak kentzeko aprobetxatzen du, dituzten zalantzak argitzeko sexuaren inguruan, lagunarteko eta familiako gatazken inguruan edota droga kontsumoaren ingururan.

I. F.: Gure asmoa Harremonak egitasmoa egonkortzea da. Metodologia aldetik espazio formalean oso gauza informalak planteatzen ditugu eta hori asko baloratzen dute ikasleek. Horrek modu libre batean hitz egiteko aukera eskaintzen die, eta gu ere gazteak izateak, gertutasuna ematen die. Hasierako saioetan, zein klase galduko dituzten baino ez zaie interesatzen, baina ondoren ohartzen dira galdu dutena baino eduki garrantzitsuagoak irabazi dituztela.

E. M.: Gure gakoetako bat metodologian dagoelakoan nago. Ebaluazio garaian, ikasleei galdetzean zer duten gustuko, erantzuna ikaskideek zer pentsatzen duten jakitea izan ohi da. Hitza ematean datza gure metodologiak, atentzio osoa gazteei bideratzea eztabaidarako aukera emanez, taldetan lan eginez... Egiteko moduan dago gakoa. Ez dugu indartzen gaizki portatzen dena. Eta gure mezua argia da: denok dugu sexualitatea eta denok gara sexy-ak. Hori da heltzen zaiena.

I. A.: Arrakastaren gakoetako bat zer ez eta zer bai jokoan dago. Askotan hasten gara inguruan daukaguna aztertzen, eta hor azaleratzen da neskek soinean daramaten motxila, zalantzez eta galderez josia. Horregatik sortzen dira auto-antolaketa taldeak. Bereziki neskek antolatzen dituzte, eta bertan gai ezberdinak planteatzen dituzte, esaterako, nola jokatu egungo gizartean, edota zer egin inguratzen gaituen errealitatean.

Ikastetxeetan gazteekin landutako saioek eraginik eduki al dute klaseko giroan?

I. F.: Lehenengo saioan agian ez, baina bigarrenean ikusten da beren arteko harremanak nola doazen aldatzen. Batzuk kontzientzia baten barruan sartzen dira eta beren artean autoerregulazio hori ematen da. Norbaiti gaia ez bazaio interesatzen, eta saioa zapuztu nahi badu, interesgarria dela eta isiltzeko eskatzen diote klasekideek. Ondorioz bai, nabari da garapena euren arteko harremanetan. Gainera, urtez urte goaz ikusten klase berean zer-nolako garapena eman den, irakasleekin ere tratua badugulako.

I. A.: Saioak amaitzean ikasleek ebaluatu egiten gaituzte eta bertan ordu gehiago nahi dituztela adierazten dute, edo behintzat gurekin kontaktuan egoteko aukera eskatzen dute.

E. M.: Batzuetan neskak eta mutilak banatu egiten ditugu bi bideratzaileren bitartez. Oso eraginkorra da, harrigarria baita zenbat kontu azaleratzen diren. Sexismoa gainditzeko egiten dugu banaketa, ondoren elkarrekin pausuak emateko. Ekainaren 16an antolatutako tailerrek filosofia hori dute: neskek autodefentsarako tailerra dute, baina gehitu ditzagun mutilak ere. Eta handik lau egunetara Alu Ulu antzerki foroan guztiak elkarrekin ikusitakoa aztertu genezake, kultura erotiko berria eraikiz modu plazenteroan eta ederrean.

Guzti horretan gurasoen presentzia ere ezinbestekoa da...

I. F.: Gurasoek paper garrantzitsua dute Harremonak egitasmoan. Beraiekin egiten ditugun saioak kontrasterako saioak dira. Gazteen egunerokotasunean dauden pertsona erreferenteak dira gurasoak. Saio horiek gurasoak lasaitzeko egiten ditugu, aipatutako gai guztien inguruan oso urduri eta kezkatuta daudelako. Bestetik, gure filosofian dago gurasoei eskerrak ematea. Hezkuntza komunitatea oso orokorra da, eta guraso askok pisua ikastetxean jartzen dute, badirudielako ardura ikastetxearena baino ez dela. Azken urteetan eskola eremuetatik aldentzen joan dira, eta egun ez dira oso agente aktibo. Irakaslearen deia jasotzen dutenean baino ez dira joaten eskolara. Sarritan zaintza lana ere oso zaila suertatzen zaie, eta gure saioetara hurbiltzeko tartea bilatzea eskertzekoa da. Horregatik da garrantzitsua hezkuntza komunitatearen baitan espazioak sortzea gurasoekin hitz egiteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!