Igandea bertan izanik, giza katea antolatzeko Urnietako lantaldean egotea zer nolako esperientzia pertsonala izan da zuretzat?
Sei-zazpi urte daramatzat bakarrik Urnietan bizitzen, eta dinamika honek herriko giza mugimenduak eta pertsonak ezagutzeko aukera eman dit. Antolakuntza aldetik, berandu abiatu ginela eta gauzak hobeto egin zitezkeela iruditzen zait. Esperientzia horren barruan hiru gazte taldera hurbiltzea gauza positiboa izan da. Hori gaur egun luxua baliz bezala ikusten dugu. Errelebo berria nekez ari da hurbiltzen, eta arrazoiak bilatzen jarrita gazteak pasotak direla azkar esaten da. Gauza konplexuagoa dela pentsatzen dut nik. Ezintasun bat dago, lehengo belaunaldien ikusmoldeak gaurko belaunaldiarekin lotu ezinik gabiltza. Belaunaldi berriak pasota batzuk direnik ez da egia, kexu dira eta ez daude konforme.
Erabakitze eskubidea bezalako kontzeptuak urrunekoak egiten zaizkiela uste al duzu?
Gure herrian, oso praktika luzea egin dugu kantuak aipatzen duen “dena ala ezer ez” logika haren baitan. Kultura politiko hori oso hedatua egon da. Orain gogoeta politiko lasaiagoa egitera iritsi garenean, “dena ala ezer ez” ez dela etorkizuneko bidea ikusi dugu. Herri honek bere burujabetza eskuratu nahi badu, beste nonbaitetik iritsiko da hori. Zein den eguneroko errebindikazioan garatu beharreko estrategia eta bidean landu beharreko taktika, horretan asmatu ezinik gabiltza.
Nire ustez, erabakitzeko eskubidea oinarrizko erreibindikazio nagusietakoa da. Ez baldin bagara lortutako demokrazia apurraren elementu horiei eusteko gai, oso bide eskasetik joan gintezke.
Ikus daitekeenez, euskaldun komunitatea mugimendu honi estuago lotuta dago. Gerta al daiteke euskaldun ez denaren artean halako aurkako erreakzioa piztea?
Erantzun ezinik gabiltzan beste galdera bat da. Herri honetan integrazio maila ona eman dela esan daiteke, baina euskararen eta abertzaletasunaren artean garatu den kultura politikoan halako horma eraiki da. Eta hor, kasu batzuetan, talka modukoa sortzen da. Erabakitze eskubidea bezalako mugimenduak sortzen direnean, formulazioetan edo beste mailako erabakietan gorpuzkera ematen saiatzen garenean, txispak azaltzen dira. Hori ondoen Nafarroan ikusten da.
Gure Esku Dago mugimenduak onarpen zabala du euskal gizartean. Kataluniako udazkeneko gertaerek, ordea, Espainiako batasunaren aldeko erreakzioa piztu zuen. Baita gure herrietan ere.
Denbora beharko da Katalunian bizitakoa aztertzeko. Guzti hartatik zer geratuko den ikusteko dago. Hasiera batean bloke modura lan egin zuten, baina bloke hori lehertuta dago eta barne indar korrelazioa zein den ez dago garbi. Parametroak falta zaizkigu. Ondorio orokor batzuk geratu dira. Bat, frankismo osteko trantsizio garaian haustura demokratikorik egon ez izanak frankismo soziologikoak zeukan eremu hura ez zela disolbatu. Urte askoan soziologia hori lasai egon da, baina Kataluniak bere burujabetzaren aldeko asmoa agertu duenean, soziologia hori aktibatu egin da. Beste fenomeno bat gertatu da, Euskal Herrian zerikusi zuzena duena. Eta hori alderdi sozialistaren jokabidea izan da. Espainiako nazionalismoaren kontzeptu horretan, sozialisten paperak mugimendu hori askoz ere zabalagoa izateko bidea eman du. Hori dela eta gizarte sektore bat oldartu egin da.
Frankismoaren garaiko kutsua duen jarrera horri aurre egiteko, ordea, alderdi politiko askok alternatiba eraginkorrik gabe jarraitzen dute. Horrek erabakitze eskubidearen mugimenduari modu negatiboan eragiten dio.
Igandera begira, aurreikuspenak betetzeko aukera izango al da?
Baietz esango nuke. Azken unean, herri honek tradizioz egin ohi duen bezala, kolpea emango duela esango nuke. Beharbada desordenatu samarra izango da, ziurrenik sinadura eman dutenak baina herritar gehiago hurbilduko direlako giza katera.
Bertaratzen denari zein aholku emango zenioke?
Lasai eta denboraz joan daitezela. Aurreko giza katetik ikasi beharra dago: jendeari izugarri kostatzen zaio ulertzea lerroa osatu behar dugula eta hori ez dela azken minutuan egiten den zerbait. Taldean edo borobilean hizketan egoteko joera dago, baina antolakuntzaren ikuspegitik oso garrantzitsua da giza katean parte hartuko dutenek ilaran egotea. Arreta pixka bat izan dezatela. Ilara hori lehenago egiten hasi behar da. Garrantzitsua izango da hori. 12:00etarako den denak prest egon beharko dugu, bakoitza bere tokian.
Antolaketan zabiltzatenak biharamunean pozik egoteko zer beharko zenukete?
Igandean eguraldiak lagundu beharko liguke, horrelako ekintza baterako ezinbesteko baldintzatakoa delako. Antolakuntzak helburu gisa jarritako ehun mila lagun horiek elkartzea poz handia litzateke. Eta, bestetik, bertaratzen den jendea estimulu edo animo berezi batekin etxeratzea. Gizartearen kohesioa eta ideia batekiko identifikazioa behar-beharrezkoa delako. Euskal gizarteak hori behar du. Mundu bakarti honetan badirudi gauzak bakarrik konpontzen direla. Gure etorkizuna bakarka jokatuz ez dago idazterik. Gizarte mailako erronkak, etorkizunean zer izan nahi dugun erabakitzea modu kolektiboan hartu behar da.