Iturola Elkarlan Sorgunea, eskualdetik abiatu den ekimena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 7a, 02:00

Beterri-Buruntza eskualdeko lehen elkarlan sorgunea da, lankidetza sozialean eta ekonomikoan oinarri duena.

Jendartearen beharrei erantzuteko asmoz abiatu da Hernaniko Iturola Elkarlan Sorgunea. Aran Erasun Iturolako kideak hartu du hitza eta adierazi duenez, "Iturola lanak partekatzeko espazioa da. Proiektu ekonomiko berriak sortzen ari garenontzako lekua. Proiektu berrien sorgunea. Fabrika. Laborategia". Bi helburu nagusi ditu. Batetik, enplegu duina sustatzea, eta bigarrenik, eskualdeko behar sozioekonomikoak asebetetzea.

Elkarlana du oinarri Iturolak. Ekintzaile bakoitzak bere denbora, gaitasunak eta esperientziak elkarbanatzeko konpromisoa hartzen du, modu horretan proiektu berritzaileetan lan eginez.

Hamar proiekturen etxea
Urte eta erdiko lana du atzean Iturolak, eta bidean proiektu ezberdinak sortu dira. Hauexek martxan dauden hamar proiektuak: I do photography lab, Arremanitz, Txukuntzen, Thais naiz, ARK, Eh!Trip, Harago, Ingutek, Bira Produkzioak eta TaPuntu.

Proiektuak hazteko eta tokiko ekonomia sustatzeko helburuarekin, eskualdeko bi komunitateekin saretu da Iturola: Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkea eta Usurbilgo Kabiene Elkarlan Gunea. Martin Ugalde Kultur Parkeak ere Iturolaren antzeko prozesua hasi zuen orain dela bi urte. "Parkean genuen jakintza nolabait partekatu nahi genuen, bakoitzak dakiena besteari eskainiz", azaldu du Ane Fernandezek.

Informazio gehiago
Iturola.eus gunean, info@iturola.eus helbide elektronikoan edo 943 256 347 telefono zenbakian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!