Elkarrekin gozatzeko, ikasteko, ikusteko eta sentitzeko pentsatutako topaketa da Asvinenea elkarteko kideek prestatu dutena. Denetarik izango da aukeran; ikastaro eta tailerrez gain, ikuskizun ezberdinak ere izango baitira gozagarri. Garazi Pascual Asvineneako kideetakoa da. Zirkuaren inguruko ikasketak egin ditu atzerrian, eta horretan dabil maila profesionalean ere. Hark eman ditu azalpenak: “Bi helburu nagusi ditu Asvineneako topaketak. Batetik, bere izenak dioen bezala, elkarrekin egon, elkar-ezagutu eta elkarren berri izatea, eta bestetik, Asvinenea ezagutzera ematea. Hamabost urteko ibilbidea du Asvineneak eta oraindik jende askok ez daki hemen dagoenik ere”.
Diziplina ezberdinak
Zirku munduko jendea dabil orain Asvinenean, baina topaketek, arte eszenikoetako beste hainbat diziplina ere hartuko dituzte. “Dantza, klowna…, denetarik egiteko aukera eskainiko dugu. Arte eszenikoen mundua oso zabala da eta bakoitza bere arloan sartuta aritzen gara, besteekin gehiegi harremandu gabe. Etiketa horiek puskatzen hasteko garaia dela iruditzen zait. Asvineneako topaketa hauetan, sormen munduan dabilen jendea elkartu nahi genuke, elkar ezagutzeko. Euskal Herrian zenbat artista dagoen ikusteko aukera emango digu, eta Gipuzkoako arte eszenikoari indarra emateko”.
Ezagutaraztea
Lan serioa egiten dute Asvinenean eta hori erakutsi nahi dute topaketatan. “Tailer laburrak eskainiko ditugu topaketa horietan, eta ez digu gai bakoitzean asko sakontzeko denborarik emango, baina gauzak seriotasunez egiten ditugula ikusi ahal izango du gerturatzen denak. Etorkizunari begira, gurera gerturatzeko modua izan daiteke”.
Gerturatzen direnengan ahozapore ona utzi nahi dute Asvineneako kideek: “Jendeak goza dezala. Horrek ez du esan nahi gauzak ez ditugula modu serioan egingo, kontrara. Nire ustez, gauzak buru-belarri eta modu serioan egiten badituzu askoz ere gehiago gozatzen dituzu. Hortik abiatuta, jendeak gozatzea nahi dugu, Asvinenea har dezatela buruan, eta itzultzeko gogoz gera daitezela”, azpimarratu du Garazi Pascualek.
Ikuskizunak
Ikasteko aukera eskainiko du topaketak, baina baita ikuskizun ezberdinez gozatzeko ere: “Familiarekin etortzeko moduko hiru ikuskizun prestatu ditugu. Lehen gauean inprobisazioan arituko da artista talde bat. Kabaret eta gau afrikarra egingo dugu beste egun batean, afari eta guzti, eta azken egunean, ekainaren 17an, zirku ikuskizuna izango dugu. Lau artista frantziar etorriko dira, oso maila handikoak. Kabareta eta zirkua, haur txikiekin etortzeko modukoak izango dira, adin guzti-guztietarako egokiak”.
Adin eta maila guztietarako
Tailerrak ere guztiz irekiak izango dira. “Ez da aurrez diziplina horretan aritua izan beharrik parte hartu ahal izateko. Irakasleek saioak moldatuko dituzte ikasleen neurrira. Kuriositatea sentitzen duen edonork izango du tokia Asvineneako tailerretan”. Mundu horretan lehendabizikoz murgildu nahi duenarentzat, tailer bat gomendatu du Garazik: “Zirkua izeneko tailerra hiru egunez eskainiko dugu, eta denetarik lantzeko aukera izango da: malabareak, telak, akrobaziak…, gerturatzeko modu polita izan daiteke hori, interesa duenarentzat”.
Tailerrak
Tailerretan izena emateko aukera zabalik dago. Asvinenea elkarteak Facebooken duen orrialdean egin daiteke, inprimakia betez. “Whatsapp bidez, sare sozialetan, emailez bidaliz…, momentuz horrela zabalu dugu Topaketen inguruko berri. Gerturatu ahala, kartelak jartzen hasiko gara, ahalik eta jende gehienarenagana iristekoa asmoz”.
Hamabi tailer ezberdin eskainiko dituzte topaketen barnean, eta hamalau irakasle arituko dira lanean. “Aurrekontu txikia dugu eta irakasleekin tratu ezberdinak egin ditugu. Batzuek, ikastaroa eskaintzearen truke, beste edozein saiotara joateko aukera izango dute, esaterako. Maila handiko irakasleak dira guztiak ere”.
Egonaldia
Irakasle gehienek Asvinenean bertan pasako dituzte egunak Topaketek irauten duten bitartean. “Furgoneta, karabana, kanping-denda…, horrelakoak jarriko ditugu elkartearen alboko belazean. Horretarako baimena eman digu zelaiaren jabeak eta, eguraldi ona egiten badu, primeran egongo garela uste dugu”. Otorduak ere Asvinenean bertan egingo dituzte. “Giro polit hori sortzeko gogotsu nago. Afalosteko tertuliak, elkarrekin lasai egoteko aukera… Zirkuak oso giro berezia sortzen du bere inguruan eta giro hori lortzeko gogotsu nago”, azaldu du Garazik.
Gune magikoa
Asvineneako guneak eskaintzen dituen aukerak hartu ditu ahotan Garazik. “Gune magikoa da. Hemen sartu hutsarekin, beste mundu batera sartzen joaten da jendea. Amesteko eta kanpokoaz ahazteko bidea ematen du Asvineneak”.
Asvineneara gerturatzeko deia zabaldu nahi du Garazik: “Arte munduko gauza ezberdinak dastatzeko aukera eskainiko dute topaketek. Giro polita egongo da. Zirkua, esaterako, oso gauza serioa da, baina giro lasaiean egiten dena. Kontzentrazioa eta kontrol handia eskatzen du, baina ez da zurruna”.