Crecencio Moreno, 91 urteko pertsona zoriontsua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 7a, 02:00

91 urteko Crecencio Moreno Apiriciok jaso zuen Hogar Extremeñoko elkarteak adineko zaharrenari urtero eman ohi dion oroigarria. Kultur astearen baitan, 65 urtetik gorakoei atzo eskaini zitzaien otordutxorekin batera egin zen oroigarri ematea.

91 urte ditu Crecenciok, eta Arroyo de la Luz (Caceres) herrian jaiotakoa da. Erretiroa hartu zuenetik urtea jaioterrian eta Andoainen partekatzen du. Andoainen, Mari Luz alabarekin eta honen senarrarekin batera bizi da. Egunero egunero Hogar Extremeñoren egoitzan dauka hitzordua jarrita; hara joan, kafea hartu eta bertan diren bazkideekin hizketan aritzea du gogoko; berak dioenez, elkartean “errege baten modura” hartzen dute, eta munduko pertsonarik zoriontsuena da bizimodu hori eginez.

Bederatzi senideetatik bera zen gazteena. Egun, 106 urte dituen anai zaharrena eta biak bizi dira. Baliabide ekonomiko urriko familiako kide izanik, eskolara joateko aukera handiegirik ez zuen eduki haurtzaroan. Hamar urterekin artzain bezala hasi zen eta halaxe egin zituen hamarkadak, artaldea zainduz eta gazta eginez. Arroyo de la Luzeko herrikide ugarik ez bezala, nahiago izan zuen naturari lotutako ogibideari eutsi, jaioterritik emigratu eta lantoki batean sartu baino. Aken hori hartu zuenetako bat da Fernando Bermejo, Andoanen bizi den Crecencioren suhia. Bermejo ere Arroyo de la Luz herriko semea da. Aitaginarrebaren antzera, artzaintzan hasi zen 10 urte zituela. Zazpi urte iraun zuen ogibide horretan. “Ez zuen bizitzeko ematen eta Maria Luzekin ezkondu eta agudo, biok Andoainera emigratzea erabaki genuen, familia osatu eta bizimodua aurrera ateratzeko aukera bakarra zela pentsatuta. 1970ean izan zen hori. Andoainen, lehendik etorriak ziren herrikide askorekin egin genuen topo”.

Argazkian, Jose Manuel Rey Hogar Extremeñoko lehendakaria, Crecendo Moreno, Fernando Bermejo eta Esti Mujika kultura zinegotzia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!