Iñaki Albin ekintzailea zendu da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 7a, 02:00

Iñaki Albin Diaz hil zen joan den ostiralean, 79 urte zituela. Toñi Abelló zen bere emaztea, eta bi seme-alaba zituen, Asier eta Sheila. Albinek urtetan aulki gurpildunean ibili behar izan zuen, eta ezinduen eskubideen aldeko lanean nabarmendu zen.

Traba arkitektoniko eta urbanistikoak salatzea izan zen bere zeregina, eta erakunde publikoetan erabilerraztasunaren aldeko neurriak eskatuz konta ezin ahala ate jo zituen.  

Frankotiratzaile baten moduan aritu zen urtetan, 2011ko urtarrilean Aiurriri aitortu izan zion moduan: “Ero puska naizela esaten didate; makina bat alditan iraindu naute, eta baita mehatxuak jaso ere!”.

2009an Europako Batasunak Bruselan dituen bulegoetaraino heldu zen: “RENFEko ibilbide motz zein luzeko trenetan sartzeko arazoak izaten ditugula-eta, irtenbideak eskatzera joan nintzen”. Giza eskubideen eta garraioen arloko arduradunek hartu zuten. Handik bi urtera Madrilgo gobernuko Fomento organismotik erantzuna jaso zuen, azken urtetan zenbat neurri hartzen ari diren deskribatuz eta trenetan plataforma hidraulikoak ipintzen hasiak zirela adieraziz. Pozik agertu zen Albin: “Davidek Goliath irabazi duela sentitzen dut!”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!