Denboraldi amaierara zein egoeratan iritsi zarete?
Senior mailan nahiko ondo iritsi gara denboraldi amaierara. Neskek igoera fasea jokatzeko aukera izan zuten eta horrek meritu handia du. Senior mutilak azken fasera iristen saiatu baziren ere, ez zuten helburua lortu. Jubenil mutilek nahiko denboraldi ona egin dute bigarren urteko kadete mutilen laguntzarekin. Jubenil neskak ahal dutena egin dute eta infantil neska eta mutilekin batera mailari eutsi diote. Orokorrean denboraldi ona izan da.
Afari batekin amaiera emango diozue, larunbat honetan.
Bai, urtero elkartzen ditugu talde guztiak, baita guraso eta entrenatzaileak ere. Gainera afariaren aurretik, larunbat arratsaldean 16:30etan hasita, kiroldegian guraso, jokalari eta entrenatzaileen arteko lagunarteko partidak jokatuko ditugu.
Afarian talde eta pertsona ezberdinei opariak eta aitortzak eskaintzen dizkiegu. Ondoren, denboraldiaren laburpen modura, ikus-entzunezkoa emititzen dugu eta ondoren nahi duenak dantzaldian parte har dezake.
Orain denboraldia amaitu dela, datorren denboraldirako aurreikuspenik egin al duzue?
Berrikuntzak egongo dira baina oraindik konfirmatzeko daude. Denboraldiaren aurkezpena baino lehen itxita egotea espero dugu.
Indartsu al dago eskubaloia Urnietan?
Bai. Portugalera joan izanak garrantzia izan du gazteen artean. Indar gehien duena futbola da, baina hor jarraitu nahi ez duenak eskubaloian hasteko aukera du.