Gustuko tokian aldaparik ez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 1a, 02:00

Xuban Ezeiza, Mikel Legarreta eta Xabier Almortza urnietarrek Zegama-Aizkorri bukatzea lortu zuten, fisikoki muga-mugan ibilita ere; Unai Ezeiza ez zen abiatu, saihetsetako lesio baten erruz.

[Argazkiak: Oltzan | Urnietarrak Aizkorrin]

Hanka zuztarrak gogortuta izanen dituzte oraindik Zegama-Aizkorri mendi maratoia bukatu zuten heroi horiek guztiek. Lauzpabost orduko muturreko ahaleginak ez du barkatzen, eta asteak behar izaten dira gorputza bere onera bueltatzeko. Baina gustuko tokian aldaparik ez dagoela dio euskal esaera zahar batek, eta halaxe sentitzen dira Zegaman helmugaratu ziren hiru urnietarrak. Xuban Ezeiza izan zen azkarrena, 4.57. Mikel Legarretak 5.24 behar izan zuen, eta Xabier Almorza debutariak ozta-ozta jaitsi zuen sei ordutako langa: 5.59.

Lainopean eta giro sargoria zegoela egin zuten bidea korrikalari guztiek, eta hezetasun handi horrek are gehiago zigortu zituen, berez nahiko zigortuta zeuden giharrak. Izerdi patsetan, ura edan eta edan, neurri handiagoan edo apalagoan, askok gainkargak edo zaintiratu arinak jasan zituzten. Mikel Legarreta beteranoak hitz hauekin laburbildu du bere 17. Zegama-Aizkorri maratoia: “Nahiko ondo hasi nintzen, baino Aizkorrin gora sekulako sargoria sentitu nuen, izerdi asko, karranpak-eta zango sagarretan. Kresterioan nahiko mantso joan nintzen. Ordu laurden bat galdu nuen han, eta baldar samar nenbilela ikusita, hanka altxa  nuen, Zegamara iristeko asmoarekin”.

Xuban Ezeiza gazteak ere giro sargoritsu horren ondorioak pairatu zituen Andraitzetik behera. Ordura arte iaz baino lasaiago joan zen, “asko janez eta edaten, kontrolatzen”. Sancti-Spiritun gora emozionatu egin zen, “kristoren giroa zegoelako jendetzak egindako ilaran”. Aizkorri gainera ondo iritsi zen Xuban, eta Andraitzera ere “uste baino hobeto, pixka bat atzeratuta pentsatuta nuen denborarekin”. Azken 12 kilometroetan estutzen saiatu zen, “baina ezin, eta luzexka egin zitzaidan bukaera”.

Porru eginda, baina ‘finisher’-a da Xabier Almortza
Hiruretan okerren Xabier Almortza aritu zen. Okerren, edo gehien sufritu zuena, bitan lasterketa bertan behera uztear egon baitzen: “San Adrianen sumatu nuen izter atzealdeko mina. Abduktoreetatik-eta justu samar iritsi naiz, eta kargatzen hasi zitzaizkidan. Antolakuntzak ikaragarri zaindu ninduen, batzuk reflex-a, besteek masajea…”. Urbian lasterketa uzteko zorian izan zela gogoratzen du zintzo urnietarrak, “Aizkorriko krestrioan herio batean joan nintzelako. Fisio batek masajea eman zidan Urbian, eta dortsala entregatzera nindoanean, esan nion ‘egon hadi pixka bat, azken saiakera egingo diat’”. Esan eta egin. Andraitz gaina harrapatu zuen aurrena, eta Zegamara bidean, kalbarioa berriz ere. Norbaitek gatz pastillak eman zizkion arte: “Horrek indarra eman zidan, eta iritsi egin nintzen”.

Korrikalaria denak badaki, finisher izatea zer den, proba bat bukatzeak ze poza ekartzen duen, eta behin helmugaratuta, gozatutako guztiarekin oroitu, eta sufritutakoa ahaztu zuen Almorzak: “Emozionatuta egin nuen bidea une askotan. Lasterketa izugarria da: jendea, antolakuntza, herrikideak… Aizkorrin gora jendearen oihuak entzuten nituen, eta norentzat ote ziren galdetzen nion nire buruari… Niretzat ziren!! Besoak altxa eta burrunba handitu egiten zela sumatzea… kristoren sentsazioa da”. Almortzak, bere herioan, bidezidor ertzean animatzen zegoen jende ezagun askori eskerrak emateko kemena ere izan zuen.

Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren altxor preziatuena
Remy Bonnett suitzarrak eta Ida Nilsson suediarrak, maratoiko garaileek, ez zuten ezagun askorik izango Sancti Spiritu edo Aizkorriko maldetan, baina haiek, korrikalari guztiek bezalaxe, bertaratutakoen hauspoa eta animoa jaso zuten. Lehenengotik hasi eta azken korrikalaria pasa arte gertatu bezala. Zegama-Aizkorriko altxor preziatuena zaletuak baitira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!