Urrats berria berdintasunerantz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 2a, 02:00

Arraten ohikoa da Nora Mendizabal pilotaria mutilen artean jokatzen ikustea, taldekide bat gehiago delako. Arrate pilotalekutik kanpo, ordea, ikusmina piztu da. Andoni Alvarez Andoaingo Gazteleku Pilota Eskolako arduradunarekin aritu gara solasean.

Herriartekoan Andoaingo Gazteleku elkarteak urrats historikoa eman du emakumezkoa partida ofizialean kantxan ipiniz. Zuk, ordea, hedabideen aurrean adierazi duzu prozesu naturala izan dela zuentzat.

Albistea izan da egun hauetan, baina Nora Mendizabal aspaldi ari zen gure artean lanean: Bost urterekin hasi zen pilota eskolan. Ibilbide guztia mutilekin egin du. Denon artean emakumezkoen pilota sustatzen ari gara eta horri esker zirkuituan lehiatzeko aukera dauka. Gainerakoan, urte osoan zehar, Arrate pilotalekuan mutilekin egiten ditu entrenamenduak.

Herriartekoa oso lehiaketa garrantzitsua da, eta joan zen asteburuan historian inoiz eman gabeko gertaera izan zen.

Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan ikus daitezkeen irudietan, maila ematen duen pilotaria ikusten da hiru mutilen artean lehian. 14-15 urteko pertsonak dira, eta adin horretan 22-20 emaitzara iristeko maila eman beharra dago.

Pilotak gogorrak dira, eta exigentzia maila handia dago maila horretan. Norak maila emango zuela jakin bagenekien, ziur geunden. Herriartekoan jokatzeko erabakia kirol irizpideen araberakoa izan da. Ez da behartutako egoera izan. Taldekide bat gehiago da.
Partidan sartuta zegoen erabat, gogo handia erakutsiz eta huts egindakoekin haserretuz. Pilotari modura nola deskribatuko zenuke?
Buruz oso azkarra da. Ez du besteek adina indarra, baina adibide argigarria emango dizut. Adin honetan sakea distantzia luze samarrera egin behar da. Ez da erraza. Zizurkilgo partida hartan sake motzagatik hainbat falta izan ziren partida osoan zehar. Partida horretan Nora Mendizabalek ez zuen sake bakar batean ere hutsik egin.

Ez du, beraz, besteen pareko indarrik izango baina bere indarrak oso ondo neurtzen dakien pilotaria da. Pilotari batek izan dezakeen bertute handienetarikoa hori da, duen indarrari zuku gehien ateratzea.

Aurkariekin hitz egin zenuten partida baino lehen? Nola hartu zuten erabakia?

Joaneko partida Arraten izan zen. Ondoren egin genuen afarian, itzulerako partidarako gure asmoaren berri eman genien. Urte hasieratik Norak Herriartekoan parte hartu behar zuela, klubean gure artean hitz eginda zegoen. Ez genekien joanekoan edo itzulikoan izango zen. Norarekin hitz egin eta gero, Zizurkilen debuta egitea adostu genuen. Izan ere, Arraten jokatzen zen partidaren biharamunean Gasteizen beste txapelketa baten finala jokatzen zuen eta nahiago izan zuen partida horretarako indarrak gordetzea.

Partida hartan Intxaur pilotalekura joandako ikusleen aitortza antzematen da, zabaldu diren irudietan.

Norak jokatzeko erabakia ez genuen publiko egin nahi izan, baina ahoz ahokoarekin pilotalekura ohikoa baino zaletu gehiago hurbildu zirela konturatu ginen. Bat baino gehiago Norari bereziki animoak ematera joan zen.

Protagonistarekin hitz egiteko aukera izango da aurrerago. Hedabideetan izan duen oihartzunarekin zer dio protagonista nagusiak?

Pozik dago, baina era berean partidak izan duen oihartzunarekin harrituta. Berarentzat mutilen artean aritzea naturala delako. Horrela ikusten du baina, zoritxarrez, kirol munduan ez da ohikoa.

Aitortza berezirik jaso al duzue?

Pilotazale izan edo ez, herrikide askok ondo hartu dutela ikusi dugu. Pilota eskola askotatik zorion mezuak iritsi zaizkigu, bide bat urratu dugulako.

Emakumezko gehiago ikusiko al dugu mutilen artean lehian?
Nesken mailan belaunaldi berriak datoz, maila ematen ari direnak. Eta maila hobetzen joango dira. Hamar urtekoen artean lau pilotari ditugu, eta hori pozgarria da. Ikusi da emakumezkoak horrelako lehiaketetan murgiltzea borondate kontua dela. Norak maila eman du eta hurrengo urtean ere jokatzeko aukera berdinak izan ditzake.

Andoainen Nora Mendizabal kantxan ikusteko aukera izango al da? Sanjuanetan akaso?

Jaietan txapelketa jokatuko da. Gainerako taldekideek bezala jaietako txapelketan parte hartzeko aukerak baditu, bai.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!