Haurren euskal jaialdia igandean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 1a, 02:00

Igandean musikaz, bertsoaz eta dantzaz jantziko dira Andoaingo kaleak. XXX. Haurren Euskal Jaialdiak Euskal Herriko bazter guztietako talde ugari erakarriko ditu aurtengoan ere. Egun osoko egitaraua prest dute.

Dantzariez gain, txistulariak, bertsolariak, trikitilariak, gaita-jotzaileak, abesbatzak eta talde instrumentalak bilduko dira Andoainen, goizez zein arratsaldez. Hona zein herrietatik hurbilduko diren: Leitza, Lekunberri, Ultzama, Lizarra (Nafarroa); Zaldibar (Bizkaia); Jutsi-Bunuze (Behe-Nafarroa);  eta, Lasarte-Oria eta Zarautz (Gipuzkoa). Horiek guztiekin batuko dira Urki taldeko gazteak, jakina. Guztira, ia hirurehun neskato eta mutiko ibiliko dira Andoaingo kaleetan barrena.

Goizean hasita
11:00etan ekingo zaio jaialdiari Goikoplazan, taldeei harrera eginez. Besteak beste, Haritz Mujikak gidatzen duen Andoaingo gazteen Bertso eskolako ikasleek zenbait bertso kantatuko dituzte, ongi etorria emanez. Ondoren, taldeek nork bere bidea hartuko du eta Andoaingo kale eta plazetan barrena ibiliko dira, musika eta dantz aerakuslatdiak eskainiz. Bidean, hamaiketakoa egiteko aukera edukiko dute… Horretarako, herriko zenbait elkarte gastronomiko (Andoaindarra, Belkoain Berri, Hogar Extremeño, Irunberri, Kotoi eta Peña Santa Krutz) sukalde-lanak egiteko prest agertu dira.

13:00etan, berriro Goikoplazarako bidea hartuko dute taldeek. Jaialdiaren ekitaldi nagusia burutuko da bertan. Bazkaritarako, banatu egingo dira taldeak, elkarteetan.

Arratsaldean segida izango du jaialdiak. 17:00etatik aurrera, zenbait dantza eta musika saioren emanaldiez gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek, eta bukatzeko, tradiziozko dantzaldiari ekingo zaio; orduan dantza-plazek protagonismo nagusia hartuko dute.

1988an sortu zen jaialdia
30. edizioa beteko du Andoaingo Haurren Euskal Jaialdiak; 1988an jaio zen Urki dantza taldearekin batera, eta urtez urte ospatu da, hutsik egin gabe. Harrezkero, herriko makina bat dantza zaleen konpromisuari esker joan da bidea egiten eta sendotzen; ezinbesteko erreferentzia bilakatu da euskal folklorearen unibertsoan.

Urki taldeak eskerrak eman dizkie urtez urte laguntzaile fin direnei; alegia, Andoaingo Udalari, elkarte gastronomikoei, hamaiketakoak eta bazkariak prestatzen dituzten senitartekoei eta herritarrei, eta, baita kartelaren egileari ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!