Antzezleen harrobi oparoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko eka. 1a, 02:00

Katramila taldeak antzerki erakustaldi paregabea eskaini zuen joan zen asteburu osoan zehar. Ostegunean hasi eta larunbata bitarte, era guztietako antzezpenak taularatu zituzten. Aro oparoa bizi du antzerkigintzak Andoainen.

[Argazkiak: Gaztetxoen azken ekitaldia | Gaztetxoak Ondarretan]

[Bideoa]

6 urtetik 66 urte bitarteko 110 antzerkizalek osatzen dute Katramila antzerki taldearen familia. Hamalau taldetan banatzen dira eta nork bere leku eta ordutegiak dauzka antzerki zaletasuna lantzeko, Kristina Ropero, Iker Etxarri eta Miren Gojenolaren aginduetara. Horiek guztiak Katramila Eguna ospatzeko bildu ziren joan zen asteburuan, egitarau oparo baten baitan. Amateur mailako antzerkigintzak erakustaldi ederra eskaini zuen Basteron.

Helduen taldeak ekin zion egitarauari, ostegun iluntzean. Katramilatuta antzezpenarekin ironiari eta auto-parodiari heldu zioten beste behin, ikusleen barreak eraginez maiz. Pertsonaia ugarik egin zuten topo oholtzan: Andoaingo kultura zinegotzia, Basteroko garbitzailea eta argien arduradunak, poxpolinak, Raphael kantariaren imitatzaileak, txiste kontalaria..., Emanaldian zehar gogoan eduki zituzten Katramilako talde amateurrean hasieratik parte hartu izan duten antzezlariak baina baita egun horretan oholtzara hurbildu ezin izan zutenak ere. Taldeak ziurtatuta dauka etorkizuna, ikusi ahal izan zen bezala herrikide gehiago hurbildu baitira antzezpenaren munduan murgiltzera.

Gazteen txanda, ostiralean
Ostiralean gazteen taldearen txanda izan zen, Kristina Roperoren aginduetara. Beldur... Txoua izan zen beren emanaldiaren izenburua. Txalo zaparrada jaso zuten antzezleek, egin zuten lanaren aitortza modura.

Katramila eguna larunbatean
Larunbatean, nahiko goiz hasi ziren jendaurreko lanean Katramilako kideak. Zumea plazan, haurrek osatutako lau taldeek ipuin ugari interpretatu zituzten, eguraldi petralari aurre eginez. Ikusleen harridura eragin zuten, erakutsi zuten naturaltasunagatik.

12:30etan, Ondarreta ikastetxeko aterpean, beste hiru taldek hartu zuten. Pirata borrokalariak, marrazoak, hegazkin bateko azafatak, gidariak eta bidaiariak eta espazioko bidaiariak Itsasontzia, Hegazkina eta Espaziontzia izenburuko antzezlanaren partaide zizan ziren.

Hiru talde horiek saioa bukatu bezain pronto, Ondarretan bertan, bazkaritan bildu ziren Katramila osatzen duten kide guztiak: hots, talde eragilea, antzezleak, horien senideak eta jarraitzaileak. Arratsaldean, ospakizunaren azken txanpa izan zen, Basteron. Lau talde taularatu ziren, ordubeteko ikuskizun polita eskainiz. Makina bat pertsonaia biziberritu zituzten, ikusleen barreak eraginez: gosaritan biltzen diren familia bateko kideak, ezkontza xelebre bateko partaideak, guraso pittin bat autoritarioak imitatzen dituzten seme-alabak… 

Jaialdiari amaiera emateko Katramilako haur eta gazte guztiei oroigarriak banatu zizkieten, aurtengo Katramila Egunari agur esatearekin batera.

Poza nagusitu zen Basteron, eta aktore asko dagoeneko hurrengo ikasturtea noiz hasiko zain daude. Antzerkia gozamenarekin identifikatzen duten seinale.

{{IMG-40936}}

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!