Argitu tailerra, asteartean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 31a, 02:00

Ingurumenaren Egunarekin eta Energiaren Europako Astearekin bat eginez, Adunako Udalak energia-eraginkortasunari buruzko saio praktikoa antolatu du hurrengo asteartean. 18:00etan hasita, energia modu eraginkorrean erabiliz eta erosotasunik galdu gabe energia eta dirua aurrezteko gomendioak ezagutzera emateko doako saioa izango da.

Ekainaren 5ean mundu mailan Ingurumenaren Eguna ospatzen da eta ekainaren 4tik 8ra, Energia Iraunkorraren Europako Astea. Tolosaldea eskualdeak badu energiaren trantsiziorako energia-plana (“Piztu Tolosaldea” deritzona) eta Adunako Udalak bat egiten du bere helburu eta ekintzekin. Eskualdeko energia-planean herritarrak energiaren aurrezpenaz nahiz eraginkortasunaz sentikortzeari buruzko hainbat jarduera barneratzen ditu eta horien artean daude, esate baterako, herritarrei zuzendutako ikastaroak.

Horregatik, duela urte batzuetatik hona, Adunako Udalak herritarrei zuzendutako energiari buruzko saio praktiko ezberdinak antolatu ditu, bai Tolosaldea Garatzenekin bai Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Aurten, Udalak, ekainaren 5erako (asteartea), 18:00tan, Kultur Aretoan, energia modu eraginkorrean erabiliz eta erosotasunik galdu gabe energia eta dirua aurrezteko gomendiok ezagutzera emateko doako saioa antolatu du. Saioa doakoa da eta oraindik herritarrek izena emateko aukera irekita dago: 943-692571 zenbakira deitu edo posta elektroniko bat bidaltzeko aukera dago (udala@aduna.eus).

Parte hartzen dutenei, “Energia-aurrezkiari eta –eraginkortasunari buruko aholku praktikoen gida” banatuko zaie. Gida honetan modu erraz eta ulergarrian azaltzen dira energia aurrezteko eta eraginkorragoak izateko baliagarriak diren hainbat aholku.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!