“Andoaindar ugari erakartzen du Kultur Asteak”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 31a, 02:00

Makina bat ekitaldi antolatu dira Extremadurako kultura eta ohiturak biziberritzeko. Guztien berri eman du Iñaki Gomez extremeñoen 40. kultur asteko antolaketa taldeko kideak.

Nola dator aurtengo egitaraua?
Ez dakar berrikuntza handirik. Tradiziozko ekitaldiak ospatuko dira: folkore jaialdia, kultur lehiaketak, joko tradizionalak, ekintza gastronomikoak...

Ekitaldi guztien artetik, zeuk zein duzu gogokoen?
Hunkigarria egiten zait asteazkeneko ekitaldia, 65 urtetik gorakoentzat antolatzen den otordutxoa. Bestalde, folklore jaialdiaren osteko afariarekin, gozatu ederra hartzen dut. Extremadurarrak, andaluziarrak, euskaldunak, galiziarrak... Agudo asko jartzen dira denak dantzan. Modu informal batean, kulturen arteko elkarbizitza islatzen da ezin garbiago.

Zein helbururekin antolatzen duzue kultur astea?
Extremadurako kultura, folklorea, ohiturak, gastronomia... sustatu nahi dira. Herritar gehien erakartzen dituen ekitaldia da, azaroko txerriaren hilketaren ekintzarekin batera. Hutsik egin ezineko hitzordua bilakatu da bazkideentzat ez ezik, baita ere bazkideen senitartekoentzat eta andoaindar askorentzat. Azken batean, elkartearen atzean giza komunitate oso bat dagoela frogatzen da.  

Belaunaldi gazteei erakartzen al die elkarteak?
Egiari zor, badago aldea belaunaldien artean. Normala da hori gertatzea. Extremaduran jaio zen lehenengo belaunaldiari sentimendu berezia eragiten dio elkarteak. Bigarren eta hirugarrengoko kideengan, ordea, asko galdu da elementu afektibo hori; Euskal Herrian jaioak eta haziak dira, euskaraz dakite, elkarteko bazkide egiten dira, Extremadura atsegin dute, senideak dauzkate han eta gustura joaten dira hara bixitan... Baina...

Nola dago Andoain Extremadurako herriren batekin senidetzeko ideia?
Iaz egin zuen proposamen hori Andoaingo Udalak, eta ilusioa eragiten zigun, nahiz eta azken aldian atzerapausoren bat gertatu den. Merezi duen ekimena da, hango eta hemengo herritarren artean harremanak edukitzea, kulturen arteko trukaketa egotea... Extremaduran jatorria duten milatik gora herritar biziko dira Andoainen; bazkideen artean, esaterako, Valle de la Serena, Arroyo de la Luz eta Romangordo herrietakoak dira gehienak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!