"Berdintasuna ehunduz" egitasmoa aurkeztu du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 30a, 02:00

"Indarkeria sexistaren aurkako matazak" ekimenaren baitan "Berdintasuna ehunduz" egitasmoa aurkeztu dute Udalean Astigarragako Harituz Elkarteko kideek. Helburua azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren egunean, herriko ikastetxeak, zaharren egoitza, kiroldegia, merkatariak, Udala... guztiek matazak egin eta beren denda edota eraikinean ipintzea da.

[Bideoa]

Maite Izagirre Amasa-Villabonako alkateak hartu du lehenik hitza azalduz aurtengo legealdian konpromezu zuzena hartu duela Udalak Amasa-Villabonan sexismoa eta indarkeria matxista ekiditeko. Astigarragako Harituz Elkarteak sortutako proiektua da landuko dena, eta Izagirrek ohoretzat hartu du beraiekin lan egitea: "Guretzat ohorea da sexu bortizkeriaren aurka eta parekidetasunaren alde lan eta lan ari den elkarte bati agurra ematea Udaletxe honetan".

Gogora ekarri du iazko udan Sofia Tato billabonatarra hilda agertu zela Cacereseko herri batean biolentzia sexistak eraginda.

Asmoa herriko ikastetxe eta elkarte ezberdinekin elkarlanean aritzea dela azaldu du Eneko Urdangarin Gizarte Politika, Migrazioa eta Parekidetasun zinegotziak. "Azaroaren 17-25eko aste horretan, gonbita luzatuko zaie herriko ikastetxeei, Olaederra Kiroldegiari, Santiago Zahar Egoitzari, merkatariei, herritarrei... beren dendak, balkoiak eta eraikinak matazez apaindu dezaten, baita Udala ere".

Astigarragako Harituz Elkarteko eta emakumeen eta gizonen eskola berdintasunaren kide den Isabel Oterok "Indarkeria sexistaren aurkako matazak" ekimenaren ibilbidearen berri eman du. "Azaroaren 25erako zerbait berezia egin nahi genuen, eta Harituz elkarteko emakumeek puntua egiten dakitenez bufanda bat egitea otu zitzaigun, emakumeei babesa emateko ikur gisa".

Sare sozialek indar handia hartu dutela euren lanean aitortu du Oterok: "Familia bat osatu dugu sare sozialetan. Emakumeentzako sare feminista bat sortu dugu, elkarlanean lan egiten duena".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!