10:00 Golden Dragons vs Gasteiz Gamusins
11:00 Gasteiz Gamusins vs Bizkaia Boggarts
12:00 Golden Dragons vs Bizkaia Boggarts
13:30 Finalaurrekoak
14:30 Finala
Quidditch-ari buruzko argibideak
2005.urtean Estatu Batuetan sortu zen kirola da quidditch-a. Erratza gainean jokatzen duten 7 jokalariz osaturiko 2 taldek jokatzen dute hockey pista baten neurriak dituen zelai batean. Zelaiaren albo bakoitzean 3 uztai ipintzen dira altuera desberdinetan, eta azken helburua aurkako taldeak baino puntu gehiago edukitzea da (gol bakoitzarengatik 10 puntu eskuratzen dira) snitch-a (30 puntu) harrapatzen denean.
Snithc-a teniseko pilota bat da eta jokalari inpartzial batek (snitch runner) eraman ohi du bere gerrian zintzilikatuta media baten barruan.
Ezaugarri desberdin asko uztartzen dituen kirola da quidditch-a. Hori dela eta, edozein gorpuzkerako pertsonek praktika dezakete, gazte zein helduek. Beste alderdi garrantzitsu bat kirol mistoa dela da. Hala, talde bakoitzak zelaian eduki behar dituen 7
jokalarietatik gehienez 4 izan daitezke sexu berekoak.
Ekainaren 1ean hitzaldia eta ekainaren 2an Euskal Kopa
Nahiko kirol gaztea den arren, garapen etengabea izan du, eta dagoeneko jokatu dira kluben eta selekzioen Europako Txapelketak, baita Mundukoak ere. Euskadin bi talde daude egitura sendoekin: Bizkaia Boggarts eta Gasteiz Gamusins.
Bestalde, Gipuzkoako Gipuzkoa Golden Dragons taldearen sorrera bultzatzen ari dira, oraindik ez baititu nahiko jokalari txapelketa ofizialetan parte hartzeko. Testuinguru horretan, ekainaren 2an quidditch-eko Euskal Koparen lehen edizioa jokatuko da Urnietako futbol zelaian 10:00etatik aurrera. Bertan 3 talde euskaldunek hartuko dute parte. Horretarako, Gipuzkoa Golden Dragons-i jokalariak utziko dizkiete beste bi taldeek, lehiatzeko modua izan dezan.
Aurreko egunean, ekainaren 1ean, bi zati izango dituen hitzaldia eskainiko da 19:00etan Lekaion. Lehenengoan, quidditch-a zer den azalduko da eta Estatuan eta Euskadin duen egoera zein den kontatuko da. Bigarrengoan, berriz, Gipuzkoako taldearen gainean hitz egingo da, non entrenatzen duten eta egiten dutenaren berri emango dute, besteak beste.
Quidditch gertutik ezagutzeko aukera paregabea izango da bi egun horietan Urnietan.