Ongi etorri programa aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 29a, 02:00

Atzerriko familien gizarteratzea errazteko, "Ongi etorri" programa jarri du martxan Udalak herriko ikastetxeekin elkarlanean. Etorkinak euskarara eta euskal kulturara hurbiltzea da helburua, eta horretarako ikastetxeez gain, herriko elkarteen eta taldeen kolaborazioa ere egongo da.

"Ongi etorri" programaren aurkezpenean egon dira Ana Carrere Andoaingo alkatea, Esti Mujika Kultura zinegotzia, Aitor Iriondo Aita Larramendi Ikastolako zuzendaria, Mertxe Zapiain La Salle Berrozpe Ikastetxeko zuzendaria, Maite Petrikorena Ondarreta Ikastetxeko zuzendaria eta Elkarrekin Kooptxiki kooperatibako kideak.

Ana Carrere alkateak azaldu duenez, "etorkin familietan ahalduntzea sustatzetik eta euskara eta euskal kulturaren ezagutza lortzetik abiatu da Ongi etorri programa". Atzerritar kopuru handiena Ondarreta Ikastetxean kontzentratzen dela gehitu du, azalduz horrek eragin zuzena duela inklusioan eta zaildu egiten duela familia horiek bertako hizkuntzan eta kulturan ahalduntzea.

Kezka horretatik abiatu da programa, bi helbururekin. Alde batetik, familien arteko kulturartekotasuna lantzea, eta bestetik, kanpotik etorri diren familiei harrera egitea. Lanketa ez da ikastetxeetan soilik zentratuko. Helburu horiek lortzeko herriko elkarteen eta taldeen parte-hartzea izango da.

Landuko den jardueretako bat "Familia lagunak" izenekoa da. Bertan ikastetxe ezberdinetako bi familia aurketuzko dira, bata euskalduna eta bestea atzerrikoa. Modu horretan, atzerriko familiarentzat erreferente izango da familia euskalduna, eta hark herriak dituen baliabideak erakutsi beharko dizkio. Era berean, atzerriko familiaren kultura ezagutzeko aukera izango du familia euskaldunak. "Atzerriko familiei oso urruti geratzen zaie bertako kultura, nahiz eta seme-alabak D ereduan eskolaratu. Programaren bitartez, herriko kulturara hurbiltzeko modua dute herriko familia euskaldun batekin", azaldu dute "Ongi etorri" programa aurrera eramango duten Elkarrekin Kooptxikiko kideek.

Kulturartekotasuna lantzeko bide horretan, rakasleez eta gurasoez talde bat osatuko da herrian. Eta gurasoak ikastetxez ikastetxe joango dira beren esperientziak kontatzen ikasleek ikasgeletan kulturartekotasuna lantzen dutenean.

Ikerketa bat ere egingo da, ikastetxe bakoitzak duen errealitatea ezagutzeko. Ikerketa hori ez da publikoa izango. Kulturartekotasuna lantzeko tresna gisa erabiliko dute ikastetxeek ikerketa horretan bildutako datuak. Guzti horrekin, harrera plan bat ere egingo da. Ikastetxeek lehendik dutena begiratu eta aldaketarik egin behar bada prozesu parte-hartzaile baten bitartez osatuko da harrera plana. Ekainean egingo dira ikerketa horiek, eta guztia martxan irailetik aurrera hasikoa da, ikasturte berriarekin batera.

Hiru ikastetxeak pozik agertu dira "Ongi etorri" programaren aurrean eta ilusioz ekingo diotela aitortu dute. Erronka programa ikastetxetik ateratzean dagoeka dio La Salle Berrozpeko zuzendari den Mertxe Zapiainek. Ondarreta Ikastetxeko zuzendariak, Maite Petrikorenak ere bat egin du ideia horrekin, azalduz eskolan inklusiboa herri mailara ere zabaldu behar dela. Aitor Iriondo Aita Larramendi Ikastolako zuzendariak esan du garrantzitsua dela jatorri ezberdinetatik datozen familiekin harrera egokia mantentzea.


 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!