Andoain Ibili ekimen arrakastatsuak bihar bukatuko du ikasturtea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 29a, 02:00

Ekimen arrakastatsua izan da Andoaingo udalak herriko 60 urtetik gorako emakume eta gizonezkoentzat kalera atera eta ibiltzeaz gain beraien arteko harremanak sendotzeko sortu duen ANDOAIN IBILI egitasmoa.

 Otsailaren 21ean eman zioten hasiera eta asteazken honetan dute ikasturte honetako azken hitzordua 10:45etan ohiko tokian baina azken hitzordu honetan Bastero Kulturgunean emango zaio amaiera. Bertan egitasmoaren inguruan grabatu den bideoa ikusi ahal izango dute bertaratutakoek eta ondoren hamaiketako berezia izango dute.

Gogoratu behar dugu, Andoaingo Udalaz gain, bertan izan direla antolatze lanetan Bertxin Jubilatuen Elkartea, Santakrutz jubilatuen elkartea, Zuena Emakumeen Taldea, Hurria-Sahara elkartea, Euskalduna Mendigoizale Taldea, Cáritas, Andoaingo anbulategiko erizainak, Eguneko Zentruko langileak eta Osasun Saila.

Datorren ikasturtean ere egitasmo honekin jarraitzea da asmoa, izan ere, baieztatu ahal izan da hirugarren adineko pertsonen sozializaziorako, elkarren arteko harremanak lantzeko eta bizitza osasungarriago bat lortzeko egitasmo egokia izan dela. Aurreikusten da datorren ikasturteko lehen zita irailaren 19an izatea. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!