Kalitatezko antzerkia, Katramilako gazteen eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 26a, 02:00

Ikuskizun bikaina eskaini zuen Katramila antzerki taldeko gazteen taldeak Basteron ostiral gauean, Kristina Roperok zuzenduta. Beldur Txoua antzezpenean komediak tokia hartu bazuen ere, emakume gazteen ikuspuntuko hausnarketak eta kritika soziala nabarmendu ziren batik bat.

[Argazkiak]

Beldurra hartu zuen gaitzat antzezpenak. Drakonte, Txouaren aurkezle eta Beldurtxoen gobernadorea, antzezle gazteen beldurrak dantzan jartzeko pronto azaldu zen pasartez pasarte gau osoan, baina azkenean, gazteen sormen pertsonala eta barrunbeak mugitzeko gogoa nagusitu ziren.

Tonu kritikoa eta salatzailea hartu zuen maiz antzerkiak: gazteen bakardadeari buruzko estereotipoak, gazteen arteko bortxazko harreman pertsonalak, mugikorrenganako menpekotasuna...

Itsaso Mendizabal, Ainhoa Mujika, Ainhoa Letamendi, Maddi Ruiz, Amaia Garcia, Nora Urdanpilleta, Janire San Sebastian, Jon Olaetxea, Itsaso Santxez, Arnau Elgarresta eta Estitxu Diaz izan ziren oholtzara igo ziren antzezleak, Kristina Roperoren zuzendaritzapean esan bezala. Bi urtetan landu duten emanaldi bikaina eskaini zuten guztiek, eta txalo zarta ikaragarriarekin eskertu zieten ikusleek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!