Talde lanean dago etorkizuna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 27a, 02:00

Talde lana bultzatzea helburu duen "Bloc-tak" sisteman murgildu da Leizaran Institutua. Joan zen ostiralean Suediako zenbait ikastetxe bisitatzera abiatu ziren ikasketa burua eta bi irakasle.

Suediako ikastetxe ezberdinak bisitatzera joan dira Josebe Amondarain Leizaran Institutuko ikasketa burua, Josune Iñarra eta Leontxo Valverde irakasleak. "Bloc-tak" izeneko sistema gertuagotik ezagutzea da helburua, etorkizunean Leizaranen ezarri dadin. Xabier Herrera irakasleak azaldu duenez, "web baten parekoa da. Ikasleek egin beharreko lanak agertzen dira bertan, beti ere euren autonomia bultzatzeko helburuz. Erronka bakoitzean helburu jakin bat dute ikasleek, eta hori lortzeko 9 pausu jarraitu behar dituzte, horretarako beharrezkoa den material guztia bertan dutelarik". Ikasleek eduki duten erantzunaz galdetuta, "uste baino parte-hartze positiboagoa" izan dela adierazi du Inge Fernandez irakasleak. "Azterkatarik ez dagoenez, ikasleek inplikazio handiagoa erakusten dute talde lanerako".

Herriko kultura sustatzea helburu
Andoaingo ezagutza areagotzeko proiektu ezberdinak landu dituzte; esaterako, Leitzarango harana aztertu dute edota zuhaitzen inguruko lanak egin dituzte. Bestalde, Andoain energia berriztagarriz nola hornitu daitekeen ere ikasi dute. "Ikasleek mugimendua behar dute, ezin dute lau hormen artean egon une oro", dio Herrerak.

Herriko kultura sustatzea etxetik hasi behar delakoan dira, seme-alabei txoko ezberdinak ezagutzeko kuriositatea piztuz; "guraso gehienak euren egunerokoan sartuta bizi dira, eta ondorioz eskolak hartu behar du paper hori", azaldu du Herrerak. Erakundeen laguntza ezinbestekoa dela azpimarratu du Fernandezek: "Sistema eredu hau errealitate bihurtu nahi badugu, erakunde ezberdinen laguntza eta babesa behar dugu".

{{IMG-40867}}

Baratzea eta liburutegia

Maila ezberdinetako ikasleen arteko harremanak sendotzeko bide da Leizaran Institutuko baratzea. Elkarren artean zaintzen dute, maila ezberdinetako ikasleez osaturiko talde txikietan bilduz. "Talde txikietan bilduz errazago hausten da adinaren horma", adierazi du Xabier Herrera irakasleak. Baratzetik lortzen dituzten produktuak saldu egiten dituzte ikas bidairako dirua lortzeko.

Horrez gain, liburutegia Institutuko txokorik bisitatuenetakoa bihurtu da aurtengoan. Izan ere, goitik behera berritu dute liburuak katalogatuz eta berriak gehituz. Inge Fernandezek azaldu du ikasleen eskariari eman diotela lehentasuna, argudiatuz ikasleek irakurri nahi dituzten liburuak eskaintzea garrantzitsua dela. Modu horretan, jolas orduetan liburuen munduan murgiltzeko leku apropososa dute. Zenbait ordenagailu ere badaude.

{{IMG-40868}}

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!