"Mundu osotik etorri nahi dute Zegama-Aizkorri lasterketara"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 26a, 02:00

Talaia bidean eta beste hainbat lasterketetan aurrealdean ibili da Jon Ugalde mendi lasterkaria. Igandean Zegama-Aizkorrin parte hartuko duen herrikide bakarrenetakoa da.

Zer moduz iritsiko zara Zegama-Aizkorri mendi lasterketara?
Ustez, ondo. Orain arte parte hartu dudan lasterketak eta entrenamenduak ikusita, ondo nagoela esango nuke. Egia da beldur pixka bat sartzen zaidala gorputzak bi ordu ta erditik aurrera nola erantzungo duen pentsatzen hasten naizenean. Normalean bi ordu arteko entrenamenduak egin baititut. Hortik aurrerakoak errespetua eragiten dit.

Nire aurtengo helburua Zegaman ez sufritzea da. Aurreko urtean azkarregi hasi eta Urbiatik aurrerako bidea oso luzea egin zitzaidan. Hasieran egur asko emateak bere ondorioak izan zituen.

Beraz, zalantza duzu azken zati horrekin.
Bai, aurreko urteko esperientzia kontuan hartuta, Aizkorriraino ondo joango naizela espero dut. Lasaiago abiatuko naiz eta buruan denbora batzuk baditut ere, hortik aurrerakoa ikusgai da. Aurreko urtean baino gutxiago sufritu eta dortsala mantentzen badut, gustura amaituko dut lasterketa.

Zer egiten da tarteko egun hauetan?
Asteburuan etorriko zait Zegama burura, larunbatean dortsalaren bila joaten naizenetik hasita. Orokorrean, astea normal joango da. Astelehenetik ostiralera entrenamendu lasaiagoak eginez.

Zer da zuretzat Zegama-Aizkorri mendi lasterketa?
Mendi lasterketetan gabiltzanontzat ikustea besterik ez dago: 8.000 pertsona zozketan, dortsalaren bila. Hori zerbaitengatik izango da. Ikusten ere jende asko egoten da eta hori ez da lasterketa guztietan gertatzen. Paretik pasa eta zaletuen goxotasuna horrela sentitzea ez da normalena. Gainera mundu osoko jendeak etorri nahi izaten du lasterketan parte hartzera, Beraz, zerbait berezia duela esan genezake.

Urtarrilean, entrenatzen hasten naizenean, normalean hori izaten dut buruan, “maiatzean Zegama korrituko dut”. Hemen inguruan dugun lasterketa izanik suerte asko dugula esango nuke.

Zegamako lasterketaz gain, nolako lasterketak gogoko dituzu?
Talaia lasterketa gustura egiten dut. Ez da horrenbesteko desnibela duen lasterketa, baina itsaso mailara jaisten zara eta baditu bere zailtasunak ere. Horrez gain, Tolosaldeko hiru tontorrak lasterketa ere oso polita da. Bi aldiz bakarrik egin dut azken lasterketa hori, baina izugarri gustatzen zait.

Azken urteetako lasterketetan maila ona ematen ari zarela esango zenuke?
Bai, futbola orain dela zortzi bat urte utzi nuen eta betidanik gogoko izan dut korrika egitea. Asfaltoan hasi nintzen korrika baina aspertu egiten nintzela ikusita, mendian proba egin nuen. Orain dela bost urte egin nuen nire lehenengo Zegama-Aizkorri lasterketa eta egia esan, oso luzea egin zitzaidan. Gero ordea, pixkanaka-pixkanaka entrenatzen zoazela, hankak ere egiten joaten zaizkizu eta askoz ere politagoa egiten da lasterketa.

Kirol honetan eskarmentua izatea abantaila dela esan daiteke.
30 urtetik gora ditugun korrikalariok lehenago beste kirol jarduera bat egin dugu. Orain hoberenak 30 urtetik gorakoak izan daitezke, baina seguruenik, orain dela 10-15 urte ez ziren korrika ibiliko. Orain, ordea, bada 16 urterekin mendian korrika hasten denik.

Aurtengo lasterketan baduzu konforme geratuko zaren denbora?
Batez ere, iazko sufrikarioa ez errepikatzera noa. Iazko lasterketaren inguruan  ditudan oroitzapenak ez dira batere onak eta ez dut berriz ere berdina pasatzerik nahi.

Zegamako lasterketa egin ostean atseden hartuko al duzu?
Udan atsedena hartzea gogoko dut. Urtarriletik maiatzera gorputzari egur asko ematen diot eta Zegama egin ostean errekuperatzea asko kostatzen zait.

Inguruko festetan antolatzen diren lasterketetan ikusiko zaitugu, ezta?
Bai, San Esteban jaietan eta Buruntzan ateratzen naiz, baina ez dut prestatu beharreko beste lasterketarik.
Igandean, gertuko zaletuak izango dituzu bide bazterrean…

Bai. Gurasoentzat Zegamako eguna sakratua da. Lehengusuak ere etortzen dira ikustera. Ondo datorkit puntu ezberdinetan ezagunak egotea, barritak edota ur botilak hartu ahal izateko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!