Amets bat, mila bizipen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 26a, 02:00

Igandean jokatuko da Zegama-Aizkorri mendi maratoiko hamazazpigarren edizioa. Lau urnietar ariko dira: Mikel Legarreta, Xuban eta Unai Ezeiza, eta Xabier Almorza. Horien guztien artetik maratoi guztiak korritu dituena Legarreta da.

Maiatzeko azken asteburua sakratua bilakatu da Euskal Herriko mendi lasterkarientzat. Azken igandean Zegama-Aizkorri maratoia egiten baita Euskal Herriko mendikate ederrenetakoan barrena, eta hura korritzea, bukatzea, amets, erronka itzela bilakatu da Euskal Herriko eta atzerriko korrikalari askorentzat. Puntakoak, erdi mailakoak, edo maila apalagokoak izan. Urteko egutegiko lasterketa maitatuena da askorentzat. Hura korritu arte erretirorik lasai ezin dela hartu esan ohi da korrikalarien munduan, eta xarma berezi horren erruz edo ondorioz, dortsala lortzeko asmo xumea Aizkorriko kilometro bertikala korrika igotzea baino lan nekosoagoa bilakatu da.

Izan ere, 500 dortsal bakarrik daude eta antolakuntzak beretzat gordetzen ditu asko: nazioartean punta-puntan dabiltzan korrikalariak, aurreko urteko ekitaldian parte hartu eta ehun onenen artean sailkatzen direnak,... 225 dortsal zozketatu zituzten otsailaren amaieran aldez aurretik izena emanda zeuden 8.500 lagunen artean. Dortsal bat tokatzeko aukera, beraz, %2.5ekoa izan zen. Urnietan, hainbatek eman zuten izena, baina bakarrak izan du zorte hori: Xabier Almorzak.

Beste hirurek ziurra zuten dortsala: Mikel Legarretak ekitaldi guztietan parte hartu duelako, eta Xuban eta Unai Ezeizak iaz Zegamako plazan ehun onenen artean helmugaratu zirelako. Mikel Legarretak 16 ekitaldietan parte hartu du. Den-denak! Hori egin duten dozena erdi lagun baino ez daude, eta horietako bat da Legarreta. 36 urte betetzear, hamaseigarrena korritzeko prest da. Pixkanaka txispa pixka bat galtzen ari dela onartzen badu ere: “Ilusioa galtzen zoaz, ez daukazu hasierako su hori, baina tira ilusioa mantentzen dut”. 2002an, lehen ekitaldian, Legarretak Zegama-Aizkorri oinezko proba zela pentsatzen zuen, “baina korrika hasi zen jendea, eta ni, ba haiei segika. Betidanik eduki izan dut harreman estua Aizkorri mendiarekin, Iñaki Aranzadi Urnietako apaiza zenarekin hara joaten bainintzen sarri”.

Bizikleta utzi berritan, jubenil mailan, Urnietako plazatik Adarramendira egiten zen proba egin zuen: “Jakin nuen maratoi bat korritzen zela. Orduan egoera diferentea zen. 6 ordu eta erdian edo egin nuen, eta lehen ehunen artean sailkatu. Egun 5 ordutan egiten dut, eta atzerago sailkatzen naiz”. Garai hartan Adarra, Bera eta beste lasterketaren bat zeudela gogoratzen du, eta “orain astebururo hiru edo lau ditugu”. Distantzia arloan ere bilakaera handia izan dela dio: “Aizkorri korritzea kristoren eromena zen hamarkada bat atzera, orain 70-90 kilometroko proba asko daude”.

Parte hartzeak eduki duen igoeraz honako hausnarketa egiten du: “Lehen Aizkorrin irteten ginenak mendizaleak ginen, baina orain korrikalariak gara. Begira Urnietan, zenbat jende dabilen mendiko maratoiak egiten. Dozena inguru lagun bagara, Aizkorri nahiko eroso bukatuko genukeenak. Esanguratsua da. Korrikalari guztien %1a Urnietakoa izateak zer pentsatua ematen du. Batzuk ezin dute atera, hori da tristeena. Igor Amantegi Potti edo Unai Martinezekin gogoratzen naiz, maila nahikoa eta sobera eduki, eta ezin irtengo direlako dortsalik ez daukatelako…”. Eta horren aurrean zer? “Onartua dute egoera. Ezin dira mila pertsona sartu Aizkorrin: hornidura, laguntza zerbitzuak…, segi dezatela saiakera horretan eta halakoren batean tokatuko zaie. Xabier Almorzari 7 urte zain egon eta gero tokatu zaio dortsala. Gutxien espero duzunean etor daiteke saria”.

Urduritasunean itota
Txanponaren beste aldea bizitzen ari da Xabier Almorza (44 urte). Etsita zegoen erabat, baina gutxien espero zuenean, loteria modukoa tokatu zaio: “Lagunen whatsapp talde batean jakin nuen. Ea txantxetan ari ote ziren, ez zela bromarako kontua. Dardarka jarri nintzen, eta ordu laurden pasa arte ez nintzen jabetu”. Asteburutan egiten ditu prestaketa saioak: “Lana goizetik gauera egiten dut, eta libratzeko komeriak ditut. Orain, Zegamako maratoiarekin, saiatu naiz astean zehar gehiago libratzen, baino gutxitan. Ez nau momentu onenean harrapatu”. Oinarri hori betidanik eduki izan du, baina Aizkorrirako justu samar iritsiko omen da. 20 urterekin hasi zen asfaltoan, eta  mendira joateko ohitura, betidanik, igandetan. “Leitzara joaten nintzen mendiz mendi, korrika, eta handik Tolosara autobusean, eta Tolosatik etxera trenean, 15-16 urterekin. Hori sakratua zen”.

19 urterekin egin zuen lehen Behobia-Donostia, asfaltoan sekula ibili gabe. “Biharamunean bai agujetak!”. 1.22 egin zuen, asfaltoan entrenamendu bakarra eginda abiatu bazen ere. Ordutik aurrera dozena bat Behobia baditu, gutxienez, eta marka onena, 1.13. “Bi alditan”. Ez du mendi maratoirik inoiz egin. 33-35 kilometro, asko jota. Ilusio latza egiten dio Zegama-Aizkorri mendi maratoiak, “baina zalantza eta beldur apur bat ere sortzen dit. Umila naiz oso berez, eta erronka potoloa da niretzat”.

Ezeizatarrak: Xuban eta Unai
Abizen bera dute, baina ez dira senide. Antzekotasunen bat, izatekotan, biak ala biak mendian gora suziri baten pare ibiltzen direla. Iaz parte hartu zuten lehen aldiz, eta ehun onenen artean sailkatuta, errepikatzekotan dira. Bata eta bestea, ordea, gaua eta eguna bezala iritsiko dira maiatzaren 27ra. Unai Ezeizak lau ordu eta erdi egin behar izan zituen iaz, baina aurten lanak izango dituela uste du: “ez nabil gustura, belauna batzuetan, orkatila besteetan… korrika egiten uzten didan mina da, baina beti hor dagoena, maldan behera batez ere. Molestia da, baino ez da desagertzen. Medikutan nabil, ea ba zeozer hobetzen dudan. Entrenamendu gogorrak egin nahi eta ezin nabil, motibazio edo gogorik gabe. Urtea ere pattal samarra izaten ari da hainbat kontugatik”.

Txar-txarrean, “nahi dut Zegama egin, poz pixka bat sentitu, bolada txar hau ahazte aldera. Buruak ere bere lana egiten du, eta. Minarekin-eta ari zarenean, goiz-goiz jaiki eta gorputza zigortzera joan baino, ohean etzanda geratzeko esaten dizu”. Unaiek parrandero sona du: “Bai, bai, banaiz”, onartzen du, baina halere, korrika kideen miresmena eragiten du. Galdetzen diozunari galdetuta esango dizu: “Ezeiza? Nahi duena eta gehiago ibil daiteke”. Horren aurrean, zera dio korrikalariak: “Berezko zerbait badut. Lagunekin entrenatzen dudanean jabetzen naiz, gutxiago arituta, haien maila lortzen baitut”. Berezko gaitasun horrek ere igandean bultzadatxoa eman diezaiokeelakoan dago.

Xuban Ezeiza ikasle gazteen zurrunbiloan murgilduta dabil Erasmus urtean, Granada aldean. Heziketa fisikoa ikasten, Urnietara bueltatzeko egunak bilatu ezinik dabil. Entrenatzeko toki aproposa bilatu du Espainiako txoko hartan: Sierra Nevadan edo mendikate hori inguratzen duten ehunka pistatan. Ez dio garrantzia berezirik ematen Zegama-Aizkorri maratoiari: “Polita da, noski, ilusioa egiten dit, baina Asturiaseko edo Orioko proba bat korrituko banu bezala”. Xuban gazteak Sancti Spirituko aldapa, Aizkorri gailurrera iritsi zeneko iazko uneak ditu gogoan: “Airean eramaten zaitu jendeak, eta hori oso sentsazio ederra da”. Antzeko oroitzapen du Unai Ezeizak. “Kristoren sentsazioa da. Nola edo hala korritu nahi duzun proba da. Beti joan izan naiz ikustera, Aizkorriko gailurrera, eta pentsatu, ‘gustura egingo nuke korrika hemen’…  Iaz pasa nintzen eta, ufa! Oilo ipurdia jarri zitzaidan… hori bizitzea ikaragarria da, bultzada hori sentitzen duzu Otzaurten, Sancti Spiritun, Aizkorrin, Urbian…

Bukatzea, gehiegi ez sufritzea…
Erronka aski ezberdinak dituzte lauek. Unai Ezeizarena aurten gozatzea da: "Denbora mugarik gabe, hanketan-eta nekea sentitzea soilik, ez mina. Hala balitz, gustura nengoke”.

Legarretari oso luzea egiten zaio maratoia: “Nola atera, erabakigarria da. Tiroa bezala atera izan naizenean, probaren erdialdera ordaindu egin dut”. Urbia omen, giltzarria: “Urbian korrika egin behar da, aurrera egiteko, baina 25 kilometrotik gorako zama daramazu hanka zuztarretan eta han oinez bazoaz, mundua gainera etortzen zaizu”. Bada, oraindik, Legarreta harritzen duen detailea: “Zegama herria bera. Hain herri txikia izanik –1.500 biztanle–, lasterketa erraldoia hain ondo antolatzeko gai da. Ez orain bakarrik, duela 15 urte ere bai. Eta ze giro jartzen duten herrian. Entrenatzera joaten zara hilabete lehenago, eta herriko plazan dauden lau aiton galdezka etortzen dira, ea nongoa zaren, ze asmo duzun eta beste. Herri osoa murgiltzen da maratoiko antolakuntzan”.

4.47ko denbora egin zuen iaz Xubanek: “Oso gogorra eta luzea egin zitzaidan, baina polita”. Disfrutatzea du helburu. "Iaz, nerbioengatik edo, Aizkorritik aurrera asko sufritu nuen. Ondo iritsi nahiko nuke gailurrera, eta gero denbora hobetzen saiatu”. Fisikoki oso indartsua da, eta indarrak ondo neurtzen baditu, iazko denbora berdindu edo hobetu dezakeelakoan dago.
Denetan umilen Xabier Almorza mintzo da. “Ondo bukatzea, duintasunez helmugaratzea. Kito. Behobia batean muga-mugan iritsi nintzen, eta ez dut sentsazio txar hori berriz ere bizi nahi”.

Almorzak bazeukan kezka buruan, elkarrizketa egin zen egunean, bi aste atzera. Mikel Legarretarekin hitz egin nahi luke, haren esperientziaren berri zehatz izan, probako sekretuak kontatzeko eta beste, baina ausardia falta omen zuen: “Nor naiz ni Legarretari probaren inguruko gauzak galdetzeko? Esango du… apurua ematen dit!”.

Hortxe eskarmentuak erakutsi duena: Sancti Spirituko aldapan, herriko lagunak oihuka ikusten dituztenean, patsada edukitzea. Eta Aizkorrira bidean sobera ez berotu. Urbiara sendo iritsi. Eta handik jaitsi, eta iritsi. Txukun. Zutik. Sendo. Hegan egiteko! Amets egiteko!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!