"Zaila da Ozaeta hurbiltzea; Frantziako sistema matxista da"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 25a, 02:00

Hamar urte dira Ainhoa Ozaeta andoaindarra espetxeratu zutenetik, eta haren aldeko babes taldeak ekimen sorta antolatu du. Ozaetak bizi duen egoeraren berri eman digute Arantxa Irigorasek eta Kristina Rodriguezek.

Zer da aldarrikatzen duzuena Ozaetaren espetxeratzearen hamargarren urteurrenarekin?
Kristina Rodriguez: Maiatzaren 20an hamar urte bete dira Ainhoa Ozaeta atxilotu zutela. Iruditzen zaigu, egoerak horrela eskatzen duelako, badela garaia Ainhoa etxean izateko. Garaiak asko aldatu dira eta nahiko zigor beteta ere baduelako.
Arantxa Irigoras: Lehendabiziko pausua gerturatzea litzateke, eta dituen neurri bereziak kentzea. Gehienbat etxeko eta lagunentzat errazagoa izan dadin bera bisitatzea.

Frantziako espetxeetan presoen gerturatze batzuk izan dira. Ozaeta gerturatzeko aukera errealik ikusten al duzue?
K. R.: Frantziak oso sistema matxista du. Ainhoak Mont de Marsan-era gerturatzeko eskaera egina dauka, baina sistema matxista horrek ez dauka emakumeen modulurik gertu. Gertuena Marsellan dago, eta urruti samar dago. Hortaz, oso zaila da gerturatzea.

Larunbat honetarako giza katea antolatu duzue. Ekitaldiaren nondik norakoak aurreratzerik bai?
K. R.: Ekitaldi xumea izango da, aurretik egin den sortari amaiera emango diona. Basterotik Zumearako giza katea egingo dugu, eguerdiko 12:00tan hasita. Bukaeran, ekitalditxoa egingo da, batez ere hitza hartzeko. Ainhoak 10 urte daramatza espetxean, fisikoki nahiz psikologikoki senideek eta bai berak dituzten karentzia eta sufrimenduak zenbaterainokoak diren aldarrikatuko dugu, eta gero, abestiekin amaituko da berari eta senideei babesa emanez.

Nola bizi ditu aste hauek presoak berak?
A. I.: Beti esan digu lehenik preso guztiak kontutan eduki behar ditugula. Momentu honetan berarekin gogoratzea tokatzen zen, eta kostata, baina onartu du herritik antolatu dioguna.
K. R.: Poza eta indarra ematen dio babes hori edukitzeak. Gure bitartez hainbat aldarrikapen egingo ditugu, berak ezin duelako. Lehena, gerturatzearena. Mont de Marsan espetxera eskaera egina du, eta horretan guk lagundu behar diogu. Bigarrenik, 2022. urtera arte klausula bat ezarrita dauka,  edozer gauza gertatuta ere urte hori arte ezin duena kalera atera zehatzen duena. Hori kentzea eskatzen du, eta horretan ere lagundu behar diogu.

{{IMG-40851}}

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!