Leitzaran Bisitarien Etxeak aldaketa berriekin ireki ditu ateak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2018ko mai. 26a, 02:00

Ingurunea zaintzeko, zaintza zuzena egiteko eta guztion artean inguruneaz gozatzeko ireki ditu ateak beste urte batez, Leitzaran Bisitarien Etxeak

Leitzaran Bisitarien Etxeak beste urte batez zabaldu ditu ateak.  Jon Zulueta Andoaingo Enplegu eta Gazteria zinegotziak aipatu duen bezala “Andoaingo Udalarentzat, turismo plangintza estrategikoa da hau. Baita ingurunearen zaintza zuzena egiteko modurik hoberena ere”.  Hau horrela, Andoaingo Udalak Leitzaran Bisitarien Etxearekin elkarlanean garapen lokala bultzatu, lanpostuak sortu eta ingurumena zaindu nahi du.

Azken urteetako datuak

Azken urteetako datuei dagokienez, Leitzaran Bisitarien Etxera hurbildu diren bisitarien kopurua mantendu egin da bi urtetan; 2017. urtean %7ko igoera izan zuelarik. Igoera hau batez ere Gipuzkoatik kanpoko bisitarien artean eman da, espainiar estatutik hurbildu diren bisitarien igoera azpimarratuz.

2016an jasotako datuekin alderatzen badugu,  EAEko, espainiar estatuko eta atzerriko bisitariek gora egin dute. 2016.urtean EAEko bisitariak %4a ziren, estatukoak %17a eta atzerrikoak %10a.

Leitzarango Bisitarien Etxera gerturatzen diren gipuzkoarren presentzia kontutan hartzen badugu, bertara gerturatzen direnen ehuneko handi bat Andoain eta inguruko herrietakoek osatzen dutela esan genezake. Gainera, Ekaitz Zubelzu Leitzaran Bisitarien Etxeko kudeatzaileak azaldu duen moduan, “bertara gerturatzen den jendea, espezifikoa izaten da, kalitatezko jendea; zerbitzuak erabiltzera etorri eta ingurumena zaintzen duena”. Beste probintzietako bisitari kopuruari dagokionez ordea, Madril eta Kataluiniakoak dira gehien hurbiltzen direnak.  Atzerritarren artean, gehien gerturatzen direnak aldiz, frantziarrak eta Alemaniatik etorriak dira.

Jendearen profilari dagokionez bikote helduak eta familiak dira bertara gehien gerturatzen direnak. Hauen ondoren, lagun taldeak eta bakarka bidaiatzen dutenak egongo lirateke.

Zer aldatuko da aurten?

Bisitarien Etxeak Andoain herriarekin elkartzeko ekintza ezberdinak aurrera eramateko asmoa du. Horrez gain, bizikleta eta bide berdeek eskaintzen dituzten aukeretan indarra jarri nahi dute. Bizikleten erabilera izan baita azkenengo bi urte hauetan bisitarien eta zehazki turisten eskaera nagusia. Zuluetak prentsaurrekoan aipatu duen moduan, “bizikleten eraberritzea merkatuen enplegu planetatik txertatu dugu, Europako gizarte fondoak sustatuta.”

Horrez gain, Donostiarekin duen gertutasuna aprobetxatuz, inguruko hotel ezberdinetan beraien zerbitzuak eskaintzeko komunikazio plana garatu eta zabaltzea espero dute. Baita, eskualdeko agente eta natur turismoan espezializatutako agentziekin ere.

Zer eskaintzen da bertan?

Inguruak dituen baliabide naturalak aprobetxatuz, talde, ikastetxe, enpresa, norbanako, familia edota gerturatzen den ororen beharretara egokitutako programa ezberdinak jarriko ditu martxan Bisitarien Etxeak.  Ibilbide eta txangoez gain, hainbat ikastaro eta gastronomiaz gozatzeko aukera ere izango baita bertan.


BIZIKLETA ALOKAIRUA

Bisitarien Etxe inguruan berdeguneetatik txangoak egiteko bizikletak alokatuko dira. Heldu nahiz umeentzako bizikletak egongo dira alokagai eta baita umeak eramateko aulkitxoak ere. Bizikleta arruntez gain, udan bizikleta elektrikoen eskaintza martxan egotea espero da. Herritarrentzat alokairuak prezio berezian izango direlarik.

Gainera, Zuluetak esan bezala, aipatu beharrekoa da ikasketa edo prestaketa gutxiko gazteek hartu dutela parte bizikleten zaharberritzean. Bizikleten konponketaren inguruko ikastaro bat egin, eta bizikletak konponduz.

ITOURBASK SAREAN SARTZEKO ASMOA

Udalak,  Bisitarien Etxea Turismo Bulegoen Euskal Sarean sartzea eskatuko du. Honen helburua, kalitatezko informazio turistikoko zerbitzua eta informazio estandarizatuko zerbitzua eskaintzea delarik.  Horretarako, egungo informazio gunea egokituko litzateke, bertan ematen den informazio zerbitzua eraginkorra izan dadin.

TRANSFER ZERBITZUA

Alokairuan hartutako bizikletak, zein norbanakoaren bizikletak, Lekunberri, Leitza eta Andoaingo tren estaziora eraman ditzakezu. Horrela ibilbide ezberdinak diseinatu ahal izateko.  Beharrezkoa da zerbitzu hau aurretik erreserbatzea.

IBILBIDE GIDATUAK

Gidariarekin batera Leitzarango biotopo eta inguruko fauna eta flora, kultura eta mitologia ezagutzeko aukera ere eskaintzen du Bisitarien Etxeak. Hau bizikletaz edo oinez egiteko aukera dago.  Adin eta gaitasun mailaren araberako ibilbideak hautatzeko aukera ere izango da.

ORIENTAZIOA

Otieta eta inguruak erakusten dituen mapa batekin, Leitzaran beste modu batera ezagutzeko aukera eskaini nahi du Bisitarien Etxeak.

Ekintza ezberdin hauek kontratatzeko garaian, pack moduan ere eskura daitezke. Pack-aren barruan naturarekin batera, euskal gastronomiaren zatitxo bat zabaldu nahi dutelarik.  Zubelzuk prentsaurrekoan nabarmendu zuen bezala, “jendea horrelako ekintza ezberdinak egitera gerturatzen denean, esperientzia berri bat bilatzen du. Beraz jarduerak antolatzeaz gain jendeari gure gastronomiaren berri ere ematea erabaki dugu, ibilaldia  sagardo eta gazta katarekin amaituz”.

Ekintza pack-etan, uraren interpretazio gunea, biotopoa, inguruko fauna eta flora, kultura, mitologia eta Leitzaran bailara gauez bizikletan ezagutzeko aukera ere izango da, hau dena ondoren pintxo pote batekin amaituz.

Pack hauetaz gain, Udalak eta Leitzaran Bisitarien Etxeak, ekintza ezberdinez betetako agenda ere osatuko dute.  Honekin, herritarrek eta gerturatzen diren bisitariek Leitzarango inguruak ezagutzeko aukera izango dute.  Ekintza hauen artean: GPS ikastaroak, txutxu trena, txakurren eguna, arrantza ikastaroak, sendabelarren edo orientazio ikastaroak egongo dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!